GARA > Idatzia > Euskal Herria

Bost haurrekin hasi, eta Ipar Euskal Herriko Ikastola handiena bilakatu

1971ko irailaren 15ean, Cahen Leon etxean bost haurrekin hasi zen Hendaiako Gure Ikastola, eta urteen poderioz, Seaska federazioan bilduak diren ikastolen artean handiena bilakatu da. 226 ikasle biltzen ditu gaur egun, eta berrogei urteko ibilbide luze hori hiru egunez handikiro ospatzea erabaki dute gurasoek.

p018_f01.jpg

Ainize BUTRON

Gure ikastola da esnezko hagina,/ hitz hartzen ikasteko buztinez egina./ Gure ikastola da arbela urdina,/ idazten ikasteko igeltsuz egina./(...) Gure ikastola da gure Herrimina izaten ikasteko Euskaraz egina». Horiek dira Amets Arzallus bertsolariak bere haurtzaroko ikastolaren berrogeigarren urteurrenaren karietara paratu dituen bertsoetako batzuk.

Hendaiako Gure Ikastola 1971. urtean sortu zen bospasei haurrekin, Jone Forcada zutela irakasle. Herriko Etxeak prestaturiko Villa Helene Leon Cahen izeneko eraikinaren pisu batean eman zituzten lehen klaseak. Eta batetik bestera, hainbat lekutan ibili ondoren, egoitza berria lortu zuten 1994. urtean. Berrogei urteren buruan, 157 familia eta 226 ikasle biltzera iritsi da Gure Ikastola.

«Ikastola abiatu zelarik, Baionan urtebete lehenago ireki zen ikastolaren ereduari jarraituz, pedagogia aktiboa eta laikoa euskaraz ematea genuen helburu», argitu digu Peio Urrizar egungo zuzendariak. Lehen urrats horren ondotik, Seaska Ikastolen Federazion sartu ziren, eta Gure Ikastola izenarekin izendatu zuten.

«Leku ezberdinetan ibili ginen, ahal zen bezala. Gurasoak asko mugitzen ziren, eta, pixkanaka pixkanaka handituz joan gara», azaldu du. Hasierako garai haiek azaltzerakoan, bizitako momentu latzak ere gogora ekarri ditu Urrizarrek. Gurasoen atxiloketak, euren kontrako atentatuak eta herri mailan pairatzen zuten bazterketa ere aipatu ditu. «Garai hartan euskara ez zen batere ongi ikusia, ez politikoki, ez kulturalki. Politikoki terrorista txikiak egiteko guneak zirela esaten zen», gaineratu du zuzendariak. Baina, giroa halakoa bazen ere, Hendaiako Udalaren laguntza beti izan zutela nabarmendu du.

Laguntza horri esker, hain zuzen ere, eraikin berria lortu zuten 1994an. «Ordura arte beti leku txiki eta estuetan ibiltzen ginen. Ikastola berria egin aurretik, udako kolonia baten egoitzan ibiltzen ginen. Neguan hotza egiten zuen, eta udan, berriz, beroa, baina, Amets Arzallusek aipatzen duen bezala, haurrentzat paradisua zen», esanez jarraitu du Urrizarrek.

Lehen handitze fasea

1994an eraiki zen egoitza berri horri esker izan zuen Hendaiako ikastolak lehenbiziko gorakada ikasle kopuruan. «Egiazko eskola» baten irudia hartu zuela-eta, %20ko emendatzea izan zuten. Handitze hori hainbat faktorerekin lotuta dagoela uste du zuzendariak: ikastola berak ezagupena lortzeaz gain, 1992an hasi ziren Gipuzkoatik iritsitako lehen biztanleak Hendaian kokatzen.

«1992an, 1996an eta 2006an Gipuzkoako herritar asko hurbildu ziren Hendaiara. Gero eta haur gehiago ziren. Euskarari atxikiak izateaz gain, frantsesa ikasteko aukera bat bezala ikusten zuten ikastola. Kopuruak hainbestetara iritsi dira, non, duela hamabost urte gipuzkoarrak Hendaiakoak baino gehiago ziren», azaldu du.

Gipuzkoako biztanleak bertaratzeak, kopuruak gora egiten laguntzeaz gain, Lapurdiko, Nafarroa Behereko eta Zuberoako beste ikastolen aldean, «eztabaidak eta funtzionamenduaren aldetik» ezberdintasunak ere ekarri ditu.

«Ume asko iritsi zaizkigu deus ez zekitenak frantsesez, eta bestalde, haur batzuek euskara oso pobrea zuten. Bi hizkuntzen sustapenerako proiektu asko eraman ditugu herri mailan», azaldu digute Gure Ikastolako ordezkariek.

Ikastola kanpoko ekimenei dagokionez, Herriko Etxearekin animazio jarduerak eta aisialdi ekintzak euskaraz bultzatu dituzte, Herriko Etxeko langileak euskaldunduz joan dira, eta liburutegian euskarazko liburuak izatea eskatu dute. «Ikastolak ditu ekimen horiek guztiak bultzatu. Frantsesari dagokionez, gurasoei haurrak txikiak direnetik erraten diegu hizkuntzaren irakaskuntza ez dela soilik eskolaren lana», nabarmendu du.

Horrenbestez, Gure Ikastolan frantsesa ama-eskolatik barnatzeari buruzko eztabaida izan zuten guraso eta irakasleek, baina, Seaskak bi aldiz erran zien ezetz. «Ikastolaren barruan ere ez ginen denok ados, frantsesa irakasten hasten baginen, euskararen eremua txikituko zela uste baikenuen», adierazi du Urrizarrek.

Egoera horri aurre egiteko, halere, Hendaiako ikastolaren eskola proiektua hizkuntzen inguruan lantzea erabaki dute. Euskara, frantsesa zein gaztelania, kultur biziaren aberastasuna direla goraipatu nahi dute horrekin. Gipuzkoa ondoan izanik, ikastolan dinamika berezi bat sortzen dela ere nabarmendu du ordezkariak. Donostiako Itsas Museora, Anoetara edo beste hainbat lekutara ateraldiak egiteko aukera izaten dute haurrek.

Handitzeko beharra

Baina Gure Ikastolak gaur egun bestelako erronkarik ere badu aurrean. Ipar Euskal Herrian ikasle gehien duen ikastola da, eta arrakasta horren ondorioz, 1994an eraiki zen zentro hura txiki geratzen ari zaie. Urtez urte handitzen ari den eskaerari erantzuna emateko, jadanik eraikin osagarriak, aurrefabrikatuak, jarri izan dituzte ikastolaren eremuan, eta gainera, hirurogei bat ikasle Pausun dagoen beste eskola zahar batean ari dira ikasten. Egoera horri aurre egiteko, Gure Ikastolak bigarren ikastola bat eraikitzea behar-beharrezkoa du. «Ezin dugu gehiago handitu. Ikastolan izandako ikasle ohiak beren haurrekin heldu zaizkigu. Eta, gertatu zaigu haurrak ikastolan ez onartzea, leku eskasiagatik», oroitarazi du Urrizarrek.

Hamar urte barru bostehun ikasle izatera iristeko asmoa daukate. Baina, gaur egun, ez dago Hendaian horrelako eskola bat altxatzeko behar besteko azalera duen lursailik. Horrenbestez, Gure Ikastolak proposatu du 250na haur jasotzeko moduko bi eraikin egitea. «Bi ikastola edukiz, familia izpiritua eta elkarren arteko harremanak bizirik jarraituko lukete», esan du Urrizarrek.

Gure Ikastolak eskaera hori Herriko Etxeari luzatu ziola, badira jada zenbait urte. «Lau edo bost urteko beranta hartua dugu. Duela hiru urte Udalak baietz esan zigun, baina, harrezkero ez dugu berririk. Asteburu honetan, 40. urteurrenaren ospakizunaren karietara pastiza handi bat izango da, eta, momentu horretan, zurrumurruek diotenez, ofizialki ikastola berri bat eraikitzeko lurrak badirela erranen dute. Nahi ala ez, ikastola berri batekin kopuruak handitzen ikusiko ditugu», gaineratu du.

Hendaiako ikastolaren geroa ziurtatuko duen bigarren egoitzaren sorreraren iragarpena, ez da halere, asteburu honi begira Gure Ikastolak ematen duen hitzordu bakarra, berrogeigarren urteurrena ospatzeko hiru eguneko egitarau mardula prestatu baitu.

Ibilbide luze horretan, zortziehun haur igaro dira ikasgela horietatik, eta horien guztien artean goraipatzekoak dira Euskal Herri osoan egungo kultur eta kirol munduan izen handiko bihurtu direnak, hala nola: Amets Arzallus eta Sustrai Colina bertsolariak eta Aretz Iginiz Baionako Aviron errugbi taldeko jokalaria ibiliak dira Gure Ikastolan.

40. urteurrena: Lehena, oraina eta geroa biltzeko ospakizunak

Hitzordu asko finkatu ditu Gure Ikastolak atzodanik hasi eta bihar arte ospatuko duten urteurrenari begira. Aurretik ere nolabait hasi zituzten ospakizunak, joan den larunbatean «Errautsak» antzezlanaren emanaldia izan baitzuten merkatuan. Astearteaz geroztik, eta bihar arte, berrogei urteko historia agerian jartzen duen argazki erakusketa ikusgai dago mediatekan.

Baina, 40. urteurrenaren karietara antolatu dituzten ekitaldi nagusiak egunotan izango dira. Gaur, goizeko hamarretatik goiti ikastolako ate irekitzeak, Hendaian zehar zortzi kilometroko ibilaldia, haurrentzako animazioak, eta, gauean, ska eta reggae kontzertua izango dira. Arratsaldeko seietatik bederatziak arte Gaztelu Zahar pilotalekuan hitzaldiak izango dira.

Biharko, Seaskaren laguntzarekin, Haurren Eguna antolatu dute. Gaztelu Zahar aldean jarriak diren bi karpa handietan izango dira animazio guztiak. Hamar eta erdietan hasiko da egitaraua, eta herri bazkaria egingo dute ordu bietan. Bazkari horretan seiehun bat lagun bilduko direla espero dute ikastolako ordezkariek. A.B.

2005ean

Ikastolako haur kopurua handitzen ari zela, 2005ean 139 familia eta 187 ikasle biltzen zituen, eta segurtasun arazoengatik, 4. eta 5. mailako haurrak beste etxe batera bidaltzea erabaki zuten, Pausura. Ikastola berri baten eskaera egin zioten Udalari.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo