GARA > Idatzia > Mundua

Fukushima erretxinaz bustiko dute, kutsadura kontrolatzen saiatzeko

Tokyo Electric Power (Tepco) enpresak, Fukushimatik zabaltzen ari diren partikula nuklearren jarioa eteten saiatzeko, erretxinaz bustiko ditu erreaktoreak. Bitartean, Naoto Kan lehen ministroak esan zuen ez dakiela noiz egonkortuko den zentralaren egoera.

p023_f01_148x108.jpg

GARA | TOKIO

Martxoaren 11n Japonia ipar-ekialdean izandako lurrikarak eta ondorengo tsunamiak kalte handiak eragin zituen Fukushimako zentral nuklearrean, eta ordutik, Gobernua eta zentrala kudeatzeko ardura duen Tepco enpresa buru-belarri ari dira lanean, istripuaren egunetik zabaldu den erradioaktibitatearen jarioa gelditzen saiatzeko.

Atzo jakinarazi zuten erradiazio isuria eteten saiatzeko erabiliko duten bide berria: proba gisara, kaltetutako sei erreaktoreak erretxina likidoz bustiko dituzte, partikula erradioaktiboek ihes egitea eragotziko duelakoan horrek. Tokyo Electric Power konpainiak adierazi zuenez, beren asmoa da, era horretan, kutsadurak ez dezala zentralaren inguruan ezarritako 20 kilometroko segurtasun eremua gainditu.

Krisi larri honen kudeaketa ez da kontu samurra enpresarentzat, eta dagoeneko Japoniako Gobernua hura nazionalizatzeko aukera aztertzen ari da. Halako istripu batek dituen berezko ondorioak menperatzea erraza ez bada ere, kritika ugari jaso ditu zorroztasun falta dela-eta.

Atzo ere, bigarren aldiz, erradiazio neurketen emaitza okerrak kaleratu zituen, Fukushima inguruan lurpeko uraren kutsadura maila ohikoa baino 10.000 aldiz handiagoa dela esan zuenean.

Alta, Segurtasun Nuklearraren Agentzia Japoniarrak esan zuenez, datuok ez dute egiantza handirik, baina onartu zuen lurpeko ur hori oso kutsatuta egon daitekeela.

Eskuetatik ihes

Hastapenetatik krisi nuklear honi eta haren ondorioei garrantzia kentzen saiatu den arren, Japoniako lehen ministro Naoto Kanek onartu egin zuen «zaila» dela jakiten egoera noiz itzuliko den normaltasunera.

Fukushima egonkortzea ez dutela lortu aitortu zuen, baina, aldi berean, «balizko edozein egoerari» aurre egiteko prest daudela ziurtatu zuen Gobernu buruak, prentsaurrekoan.

Tokioko Exekutiboaren lehentasuna, lehen ministroak aditzera eman zuenez, «herritarren osasuna eta segurtasuna» bermatzea da. «Zentralaren egoera egonkortzen denean, azterketa bat egingo dugu, hartu beharreko segurtasun neurriak identifikatzeko», esan zuen.

Gainera, Fukushimarekin gertatutakoak herrialdearen politika nuklearraren gaineko hausnarketa behartu duela esan zuen Naoto Kanek.

HILDAKOen BILA

Japoniako Defentsa Ministerioak hemezortzi gorpuren aurkikuntzaren berri eman zuen atzo. Gaur eta bihar ere bilaketa intentsiboak egingo dituztela azaldu zuten.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo