GARA > Idatzia > Mundua

Fukushiman jaurti zuten ura itsasora itzuliko dute orain, erradiaktibitatez kutsatuta

Itsasora 11.500 tona ur kutsatu isurtzeko erabakia eszeptikotasunez hartu da jendartean; osasunerako kaltegarria ez dela dioten arren, herritarrak ez dira fio orain artean Fukushima kontrolatzea lortu ez dutenengan. IAEAk ere behar besteko neurri ez hartzea leporatu dioTepcori.

p023_f01_199X103.jpg

GARA

Fukushimako zentral nuklearra mendean hartzeko saiakerek muga guztiak gainditu dituzte; lurrikara batek eta horren osteko tsunamiak zentraleko azpiegiturak hondatu zituenetik hiru aste bete direnean, sotoetan pilatu den ur kutsatua itsasora jaurtiko duela eman zuen jakitera atzo zentrala kudeatzen duen Tepco enpresak, kaltetuta dauden erreaktoreetako lanak azkartze aldera. Atzo bertan hasi ziren ura erauzten, 5. eta 6. erreaktoreetatik eratorritako 11.500 tona ur itsasora isuriz, eta datozen egunetan gehiago botako dutela adierazi zuten.

Ziurtatu dutenez, zentralean korronte elektrikoa berrezartzeko egindako ahalegin guztiek porrot egin ostean hartu dute neurria. Pasa den martxoaren 11ko hamalau metroko olatuak erregai nuklearra hozteko sistema hondatu zuen, lau erreaktoreetako tenperatura izugarri igoaraziz; erreaktoreetan milaka litro ur jaurtitzeko hautua egin zuten hasiera batean, baina ur horixe bera da orain zentralera korronte elektrikoa eramatea zailtzen duena.

Ur erradiaktiboa itsasora botaz, langileen lana erraztu eta erreaktoreen hozketa ahalbidetuko dutelakoan dira. Herritarrek, ordea, erabakia eszeptizismo handiz hartu dute. Tepcok ur isuria osasunerako kaltegarria ez dela dioen arren, herritarrak ez dira batere fio; 2. erreaktorean filtrazio bat aurkitu izanak alarmak piztu zituen agintarien artean, herritarren arteko egonezina emendatuz; atzo, halaber, itsasora kontrolik gabe isurtzen den uraren propietateak neurtu ahal izateko tresneria eskatu zion Japoniak Errusiari. Hartu berri duten neurriak, beraz, ez ditu kezka horiek areagotu besterik egiten.

IAEAren kritikak

Fukushimako hondamendia gomutan, Segurtasun Nuklearraren Hitzarmenaren goi bilera ari dira burutzen egunotan Vienan (Austria). Kalteak saihesteko behar besteko neurri hartu ez izana leporatu zion atzo, justu, Yukiya Amano Energia Atomikoaren Nazioarteko Agentziaren zuzendariak Tepcori, eta etorkizunean halakorik ez gertatzeko segurtasun nuklearreko neurriak indartzeko konpromisoa agindu zuen.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo