Errepresioa salatzeagatik, hamar gazte epaitegira Barakaldon
Ostegunean, Barakaldo, Portugalete eta Santurtziko hamar gazte epaituko dituzte, merkataritza zentro batean egindako ekimen batean parte hartzea egotzita. Bi lagunek, pasabide batean zintzilikatu, eta pankarta bat zabaldu zuten, beste hainbat kidek esku-orriak banatzen zituzten bitar- tean. Merkataritza zentro batean zintzilikatzeagatik baino, «bortizkeria eta eta kriminalizazioa salatzeagatik epaituko dituzte», Ezkerraldeko gazte independentisten hitzetan.GARA |
Urtarrilaren 20an «euskal gazteriaren aurkako errepresioa» salatzeko Portugaleteko Ballonti merkataritza zentroan egindako ekimen baketsu batean parte hartzea leporatuta, Barakaldo, Portugalete eta Santurtziko hamar lagun epaituko dituzte ostegunean Barakaldoko Epaitegian. Hain zuzen, merkataritza zentroko pasagune batetik bi lagun zintzilikatu ziren, «Erasoen gainetik, euskal gazteria aurrera!» zioen pankarta batekin eta Ertzaintzak atxilotuta eraman zituen biak. Bien bitartean behean hainbat gaztek ekimenaren inguruko esku-orriak banatu zituzten eta horiek guztiak ere identifikatu egin zituzten.
Ostegunean, beraz, goizeko bederatzietatik aurrera epaituko dituzte Ezkerraldeko gazteak. Babesa ematera hurbiltzen direnekin batera, ordu erdi lehenago prentsaurrekoa eskainiko dute «gazte independentisten kontrako bortizkeria eta kriminalizazioa» salatzeko eta epaiketak irauten duen artean elkarretaratzea egingo dute kanpoan.
Ezkerraldeko gazte independentistek ohar bidez ohartarazi dutenez, «euskal gazteria beti egon da errepresioaren jomugan, beti saiatu dira atxiloketa, tortura, kartzela edo kriminalizazioen bidez gazteak kikiltzen, baina ez dute lortu».
Era berean, torturaren mehatxuarekin gazteak politikatik urrunarazten saiatu direla zioten; hala ere «kolpeak eta kolpeak eman ondoren, herri oso baten dute aurrean», independen- tisten esanetan.
«Errepresioaren bidetik»
Ostegunean izango den epaiketa hau ere, «gazteriaren kontrako eraso guztien ildo berean» kokatzen dute; atxiloketa, tortura eta kartzela errepresioaren pareko. Gainera, oharrean diotenez, «ostegunean epaituak izango diren gazteak ez dira zubi batetik zintzilikatzeagatik edo esku-orriak banatzeagatik epaituak izango, gazteria independentistaren kontrako bortizkeria eta kriminalizazioa sala- tzeagatik eta hauekiko elkartasuna erakusteagatik baizik».
Ezkerraldetik «izaera honetako» epaiketek helburu bera dutela salatu zuten: «Herri honetako gazteria desaktibatzea eta salaketa eta elkartasun adierazpenak kaletik ateratzea».
Epaiketa goizeko bederatzietan hasiko denez, 8.30ean prentsaurrekoa egingo dute Barakaldoko Epaitegi parean. Gero, epaiketa amaitu arte elkarretaratzea egingo dute bertaratutakoek.