GARA > Idatzia > Kirolak> Txirrindularitza

EUSKAL HERRIKO ITZULIA Adierazpenak

«Jainkoa ikusi dut helmugan»

Joaquim Rodriguezek denboraldia orain arte «oso txarra» izan dela onartu zuen eta Zumarragako helmugan «ia negarrez» hasi zela.

p033_f02_555x555.jpg

Asier AIESTARAN

Iaz sekulako denboraldia egin eta gero, urte hasiera ez da espero bezain loriatsua izan Joaquim Rodriguez kataluniarrarentzat. Arazo fisikoek ez diote utzi orain artean bere mailarik onena erakusten eta, beharbada horregatik, Zumarragako helmuga garaile zeharkatzean «Jainkoa ikusi» omen zuen.

«Ez dut neure burua txirrindulari negartitzat, baina, egia esan, ez nuen gaur irabazterik espero. Denboraldia oso txarra izan da oraingoz niretzat eta asko kostatu zait kirol arloan zentratzea. Helmuga gainditu dudanean Jainkoa ikusi dut, eta ia negarrez hasi naiz», onartu zuen etapako irabazleak.

Katusha taldeko txirrindulariak aitortu zuenez, Antiguan gora erasoa jo zuenean bere «helburua ez zen etapa irabaztea, gainetik lehen postuan igarotzea baizik». Nagusitasun handiz lortu zuen hori, eta beretzat «sekulako poza» izan zen -«berriz ere neure burua borrokan sartuta ikusi dudalako»-.

Rodriguezek Euskal Herriko Itzulian maillot horia janztea «pribilegiatu gutxi batzuek» izaten duten aukera dela esan zuen Zumarragako helmugan, eta ibilbidearen zailtasunak nabarmendu zituen: «Eskerrak eman behar dizkiet antolatzaileei, igotzaileentzat egokia den ibilbidea egin dutelako eta ezin naiz kexatu alde horretatik. Bihartik aurrera nire taldeari lasterketaren ardura hartzea egokituko zaio. Etapa oso arriskutsua izango da, baina asteazkenekoa ere bai, eta ostegunekoa, zer esanik ez».

Samuel Sanchezek, bestalde, kiroltasun osoz hartu zuen bigarren postua, denboraldian laugarrenez errepikatu duena: «Pena izan da, oso gertu izan dugulako. Mendean hartuko nuela ematen zuen, baina metro erdi falta izan zait. Zoriontzea besterik ez zait geratzen, tropeleko txirrindulari onenetakoa delako eta garaipena ongi merezia duelako».

Euskalteleko asturiarrak lehen etapan «ongi» sentitu zela adierazi zuen, taldekideak «bikain» aritu zirela, eta gaurko etapan «berriz saiatu» beharko duela: «Antigua aldapa oso gogorra da, baina tarteak oso txikiak izan dira, helmuga oso gertu zegoelako. Lasterketa hasi baino ez da egin, dena irekita dago, eta ziklista asko daude oso denbora gutxiren barruan. Biharkoak ez dirudi horren etapa selektiboa, Katushak lasterketa ongi kontrolatuko duela uste dut, baina mugimendua egon daiteke. Lehen eguna gainditu dugu, borrokan sartuta gaude, eta horrelaxe jarraitu behar dugu aurrerantzean ere».

Movistar, indartsu

Euskaldunen artean, bi onenak Movistar taldeko David Lopez -zazpigarren- eta Beñat Intxausti -hamaikagarren- izan ziren. Talde bereko Xavi Tondo kataluniarra ere hamar onenen artean sartu zen. Intxaustiren esanetan, eguna «oso gogorra» izan zen, «erritmoagatik eta ibilbidearen gogortasunagatik» batez ere. «Errepidea arriskutsua zegoen eta azken 50 kilometroak urduritasun handikoak izan dira. Antiguako igoera nahiko ongi kokatuta hasi arren, atzetik aurrera egin behar izan dut, eta azkenean apur bat falta izan zait aurrekoekin bat egiteko. Nolanahi ere, oso bloke ona daukagula erakutsi dugu eta hurrengo etapetan taldeko horrenbeste txirrindulari aurreko postuetan izateak ematen duen abantaila behar bezala baliatzen saiatu beharko dugu».

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo