Musika, dantza eta kale animazioak lagunduta abiatuko da ostegunean Korrika 17 Trebiņutik
GARA | GASTEIZ
Txalapartaren doinuek eta Argantzungo abesbatzako ahots gozoek egingo diote ostegunean harrera Trebiñun hamar egunez eskuz esku ibiliko den eta Donostiara heldutakoan irakurriko den mezu sekretua daraman lekukoari. Korrikaren 17. edizioa hasteko bezperetan AEK-k hasiera eguneko ekitaldi eta jaiaren berri eman zuen atzo ohar bidez. Trebiñuko herriko plazan izango da hasiera ekitaldia, arratsaldeko bostetatik aurrera; bertan AEK-ren Arabako artezkaritzako kide Asier Amondok eta Korrika 17ren arduradun Edurne Brouardek hartuko dute parte.
Ordu erdi geroago euskararen aldeko lasterketa Argantzun aldera abiatu aurretik, berriz, Manex Agirre Arabako Bertsolari Txapelketako irabazlearen bertsoekin eta dantzarien aurreskuarekin omenaldi xume baina hunkigarria eskainiko diote Korrikari. Kale animazioa eta umeen txokoa ere ez dira faltako hasiera eguneko jaian.
Trebiñarrek Korrikaren antolaketan izan duten lan eskerga dela-eta, AEK-k eurei eman die lehen kilometroko lekukoa eramateko aukera, hain justu ere, Gutxisolo Euskara Elkartekoek eramango dute. Behin lasterketa abiatu ondoren, hasiera ekitaldia Trebiñu herrian egingo badute ere, Argantzunen jarraituko du jaiak. Asteburuan GARAk iragarri bezala, iluntzeko zazpietan kontzertuak izango dira, Aske, Herrikada, Gose eta Betagarri taldeen eskutik.
Orain arte hainbat eragile politiko eta sindikalek atxikimendua eman diote Korrikari eta Kontseiluak ere ekimenean parte hartzera dei egin du.