GARA > Idatzia > Ekonomia

Aurreikuspenak, herren

Arantxa MANTEROLA

Asebetetzea nabaria zen, atzo, Baionako Herriko Etxean. Areto Nagusia hautatu zuten Udaleko eta Ikea enpresako ordezkariek aspaldian bulego eta bilkuretan bueltaka dabilen proiektua aurkezteko. Egia esan, jazoera ez zen nolanahikoa, tamaina horretako proiektu baten iragarpena ez baita egunero gertatzen. Adierazitakoaren arabera, Ametzondon eraikiko den merkataritza guneak onura besterik ez die ekarriko inguruko hiri eta herri lapurtarrei. Bertako merkatari txikiei eta Ametzondotik hurbil bizi direnei galdetu beharko litzaieke beraientzat hala den.

Horrenbeste diru inbertitu aitzin, normala den bezala, dena dute aztertua, neurtua, planifikatua. Dena? Bezeroen gehiengoa Euskal Herritik joango zaiela espero dute eta «Espainian jai diren egunak» ere aurreikusiak dituzte, garraio aukerak eskaintzeko. Hortaz, merkataritza gunean eta langileen artean euskarak izango duen presentzia ere aurreikusia beharko lukete.

Bada, ez. Ez omen dute horretan pentsatu, baina, «jakina, kontuan izango dugu». Erantzuna ez da harritzekoa Suediako enpresa batentzat lan egiten duten aldetik. Bai, alta, Baionako auzapezaren ahotik entzundakoa: «Proiektu honek itxaropen guztiei zabaltzen dizkie ateak». Beraz, bertako hizkuntza erabiltzerik izango dela iguriki beharko dugu. Ez gal esperantza! Sosa erakartzeko edozein ahalegin egiten denez, zergatik ez euskaraz?

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo