Joxemari Carrere Ipuin kontalaria
Jozak pa(r)eta
Lagun kontalari batek kontatua. Behin, bera eta beste kontalari lagun bat deitu zituzten herri bateko jaietan ipuinak kontatzeko plazan. Heldu dira herrira eta jakin dute beraien emanaldiaren ostean, Brasileko neska dantzariak izango direla. Plaza beterik, jai giroan. Eszenatokiaren atzealdean han topatu dira neska brasildarrekin, sekulako neska puskak. Eszenatokira agertu dira, euren saioa egiteko prest. Emanaldia hasi eta gutxira plazatik heltzen zaizkio oihuak: «¡Las brasileñas! ¡Las brasileñas! ¡Las brasileñas!». Laguna harrituta, zer egin ez dakiela, buelta eman eta hor ikusten du bere laguna herriarekin bat eginda, bera ere Brasilen alde. Lagunari: «Hi ere? Jozak pareta!». Ipuinak utzi eta festa giroan murgildu ziren. Barre artean kontatu zidan, baina halako enbajadekin gogoeta eginaz.
Zorionez, ez da beti horrela izaten eta ipuin kontaketa saio zoragarriekin goza dezakegu. Halaxe egin genuen bai Ordizian bai Donostian. Ordizian, Ahoz Aho jaialdiaren barnean, besteren artean, Jose Campanari argentinarra edo Bertrand N'Zoutani kongoarrarekin, Doro Zobaran, Badut bikotea edo Irantzu Mantxo euskaldunekin.
Donostian, berriz, Iparraldea Ezagutu jardunaldietan Koldo Amestoyk bere azken ikuskaria estreinatu zuen: «Biribilketa. Luma beltza». Beti bezala zoragarri, emanaldira gerturatutako jendea liluraturik irten zelarik. Tamalez, behar besteko oihartzuna ez dute izaten kontaketa saioek eta askotan nire buruari galdetzen diot hedabideetan ez ote dituzten nahiago brasileñak, eta guri, berriz, esaten: «Jozak/n pareta, kalakari halakoa!»