GARA > Idatzia > Kultura

Etxepare Institutuak orain arte egindako lanaren berri eman du Gasteizko Legebiltzarrean

Etxepare Euskal Institutuak iaz hasi zuen bere bidea, baina oraindik antolaketa lanak ez ditu bukatu. Hala ere, besteak beste, Venezian eta Londresen ekimenak egingo ditu euskara Euskal Herritik kanpo sustatzeko.

GARA | GASTEIZ

Etxepare Euskal Institutuak iaz hasi zuen bere bidea helburu argiak finkatuta. Orain arte komunikabideak izan dira egindako ekimenen berri eman duten bakarrak, eta, hori dela-eta, atzo Legebiltzarrean azalpenak eman zituzten Lakuako Kultura sailburu Blanca Urgellek, Institutuko zuzendari Aizpea Goenagak eta euskararen sustapenerako zuzendari Marijose Olaziregik.

Oinarrizko kontratazioak egin, egoitza berria ireki eta antolakuntza administratiboa burutu ostean, azokak, topaketak eta hainbat proiektu hasi ditu Etxepare Institutuak. Ameriketako Estatu Batuetan, adibidez, hainbat ekimen eramango ditu aurrera; hala nola euskal hizkuntza eta literatura katedrak jarriko dituzte abian. Bernardo Atxaga katedra, adibidez, irailean abiatuko dute New Yorkeko Unibertsitatean eta Koldo Mitxelenari eskainitako beste bat prestatzen ari direla azaldu zuen Olaziregik. Bestetik, hizkuntza bekak ere eskainiko dituzte munduko euskara ikasleei Euskal Herrira etortzeko aukera eman eta euskararen erabilera hobetu ahal izan dezaten. Gainera, liburutegietako liburuak eguneratzeko saila ere abian jarriko dutela azaldu zuen Olaziregik. Eta, institutu batek bere promozio lana egiteko erreferentziazko liburuak argitaratzeko beharra duenez, dibulgazio saila abiatuko dute euskaraz, gaztelaniaz eta ingelesez kaleratuko diren alor ezberdinei buruzko 12 libururekin. Jorratuko dituzten gaien artean diseinua, arkitektura edota gastronomia daude.

Azoken alorrean erabilera aldatuko dutela azaldu zuen atzo euskararen sustapenerako zuzendariak. Izan ere, orain arte ahalik eta azoka gehienetan hartu dute parte, baina hemendik aurrera, gutxiago egin eta egindako horiek «optimizatzen» saiatuko dira. Horretarako, leku gutxiago alokatuko dituzte eta ekintza gehiago antolatu, salmahaietatik irteteko asmoarekin.

New Yorkeko Lincoln Centerren, euskal zinemari buruzko atzera-begirako bat antolatu du institutuak erakusketa eta ekitaldiekin. Gainera, Madrilen euskal arte eszenikoei «leiho» bat irekitzeko prestaketan lanetan dabil lan taldea bertako antzoki ezberdinetan euskal ikuskizunak muntatu eta eskaintzeko aukera sortzeko.

Azkenik, Asier Mendizabalen lana bultzatzeko, Veneziako Vienalen, Londresko liburu azokan edota Bruselako film laburren zinemaldian ere parte hartuko dutela azaldu zuen Goenagak.

AURREKONTUA

Etxepare Institutuak 2.851.000 euroko aurrekontua du esku artean langileak kontratatu eta hainbat ekimen aurrera eramateko. Hala, institutuak %24 handitu ditu orain arte zituen baliabideak.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo