GARA > Idatzia > Iritzia> Hemeroteka

Aitor Renteria, Kazeta

Paradoxak

Izerdiz blai eta gorputzak itsaso gose. Beroa nagusitu orduko buruak itsasoa amets. Eta paradoxa nagusi ekialdera so eginez gero. Eguzkia sortzen den toki urruti hartan, Japonian, lurrikara izan zen duela hilabetea. Tsunamiaren eta gero istripua egon da hango zenbait zentral nuklearretan. Erreaktoreetako muin erradioaktiboa hoztu eta babestu behar zuen ur kutsatua itsasora isuri dute zuzenean. Zein da kutsatutako ur kopurua? Nolako ondorioak ukanen ditu itsasoan, landare zein animaliengan? Onurarik ez, baina zaila neurtzea kaltea, ez dutelako egia erranen.

Chernobyleko istripu nuklearra izan zelarik, hodei nuklearra Korsikan gelditu zela erran zuen Frantziak. Pirinioetan gelditu zela erran zuen Espainiak. Estatu arrazoiak istripu nuklearra gelditzeko indarra balu bezala. Eta paradoxa berria, adituak ez dira itsasoan ukanen duen ondorioa iragartzera menturatzen. Gustora jango dut afarirako prestatu dudan marmitakoa, menturaz iraganeko oroitzapena bihurtuko baita hegaluze edo hegalaburra.

Kutsadura erradioaktiboak kezkak sortzen ditu. Baina nola gertatu den ikusirik, kezkak handiagoak dira, hori posible bada. Izan ere, zentralak egin zirelarik, munduko segurtasun neurririk zorrotzenak betetzen zituela erran zuen gobernuak. Japoniakoak, munduko gehienek bezala. Enpresak errealitatea gordetzen duela dio orain. Alegia, arriskua diona baino handiagoa dela.

Paradoxa litzateke pentsatzea, konpainiak errealitatean eragin dituen kalteak ordainduko duela. Zenbat animale hilen ditu? Animale horiek jan dituzten zenbat pertsona erituko dira? Airea ez ote da kutsatu, eta ez ote da gauza bera gertatuko barazki eta kabalekin? Murphyren legeari so egin behar, eta pentsatu gauzak gaizki badoaz, oraindik okerragoak izan daitezkeela. Oraindik ez da erreaktore bakar bat lehertu...

Lurrikararik eragiten ez duten gertakariak ere badaude hurbilago. Trebiñun, adibidez, Korrikaren abiatzean ikusi diren trabetan. Txalapartariak ez omen dira tenorez heldu, bertsolariak ere berandu, jendea bide bazterretan geldi, martxoaren 11ko atentatuaren egileak balira bezala.

Eta anartean zorrotz Rubalcabaren begirada, lupa eta guzti. Sortu, Bildu edo den delako izena ukanik ere, herri honek pairatzen duen gatazka gainditzea proposatzen duen indar orori. Paradoxa da aldi berean, Amedo komisarioa eta GALeko kideak erratea Felipez Gonzalez bera zela GALen X ospetsua. Eta GAL sortzeko erabakia bertze hainbat arduradun sozialistek begi onez ikusi zutela Euskal Herrian. Txiki Benegas eta Ramon Jauregi aipatu zituen, bertze hainbaten artean. Lupak lupa,, alde bateko borondatea garbiki adierazi da. Bertzea ere bai oraingoz, baina ez gatazka konpontzeko norabidean.

Ipar Euskal Herrian bukatu da hauteskunde kanpaina. Sozialistek hartu dute Kontesilu Nagusiak. Hauteskunde kanpainan biziki gogotik baliatu dituzte euskal komunikabideak. Euskaldunen eta abertzaleen bozek urrearen balioa zuten. Orain karguak eskuan, ikusiko publizitate instituzionala ezartzen duten euskal hedabideetan, edo aitzinekoek bezala, alegia deus ez baztertuko dituzten.

Eta tipi-tapa, tipi-tapa abian da Korrika. Sentimenduen garaia da euskaldunontzat, argi erakusten baitu euskararen egoera ez dela nehondik ere normalizatu. Eta sentimenduak agintzen duen tenorean haizu da euskaldunen ospakizun handi horretan parte hartu ezin dutenak. Euskara ikasteko indarrik egin ez duten hautetsi anitzek lekukoaren zirrara bilatuko dute. Falta diren horiek, ordea, gogoan atxikiko dute lekukoa, euskara bihotz eta ahoan.

Presoen argazkiak delitu omen diren aroan, presente egon daitezke mila eratara. Kirol oskiek kilometroak egiteko balio dute baina Telesforo Monzonen omenaldien aitzakian, bertze paradoxa bat osa daiteke. Lepoan hartu. Lepoan hartu lagunak edo haien kirol oskiak lepotik zintzilik eraman. Herri arabiarretan norbaiti oskia botatzea egin daitekeen irainik handienetarikoa da. Gurean ez dirateke nehoren kontra aritzeko armak, elkartasun, maitasun edo oroitzapen aldarria baizik.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo