Fredi Paia, berria, 2011/4/15
Mus-politik
Morir matando es la lay así comienza el corrido... prefiero morir matando antes que me hagan cautivo». Egoera helduta horrela jokatuko nuela pentsatu gura dut. Gauza bakarra dago askatasunarekiko maitasuna baino handiagoa: kendu gura dizunarekiko gorrotoa. Eta hori da asteburuon banatu digute lehen karta.
Musean, ostera, esaten denak eskupean gordetzen den kartaren besteko garrantzia dauka. Musean, berbaren helburua arerioari kalkulu akatsak eragitea da, ahul gaudenean urduritu araztea eta indartsu gaudenean erlaxatu daitezen ahalegintzea. Ahaztu barik, musean berba arerioari egiten zaiola beti. Taldekideak ez du sekula era literalean hartu behar jokoaren barruan esaten dena. Taldekideen arteko komunikazio eta kohesiorako ez dira hitzak erabiltzen, keinuak baizik. Hori bai, aurretik taldekideen artean adostu eta ikasi behar dira keinuak. Bestela, alperrik dira munduko kartarik onenak ere.
Gatzari «euskal Nelson Mandela» deitu diote espainiar komunikabideek. Europako preso politikorik zigortuena izan da. Eta gure bozkarioa publikoki adierazi dezagun debekatu digute espainiar banderen probokazio eta eskubide politiko eta zibilen ukazioaren bidez. Hara aste honetako bigarren karta.
Partida honetan kartak estatuak banatzen ditu. Batzuek, karta ematen diguten bakoitzean, hordagoa jotzeko gogoz ageri dira. Baina, irabazteko, apur bat itzaron behar da batzuetan, jokaldi on bat ahalbidetuko diguten kartak izan arte. Eta ondo dakigu zein den, une honetan, dauzkagun hiru erregeekin batera, 31ra heltzeko falta zaigun.
Madrilen kartak eihotzen dabiltza, eta, bitartean, itxarotera derrigortua dagoenaren posiziotik hitz egin behar dugu, prozesua arintzeko dena kontrolpean dutela sinetsaraziz. Laster, ostera, musa ebakiko dugu karta-sorta ederraren jabe. Eta orduan konturatuko dira jokoan iniziatiba ez daramala kartak banatzen dituenak, esku denak baizik.