GARA > Idatzia > Kirolak> Saskibaloia

Lagun Aro GBC Kanariar Uharteetan

Baron eta Carroll ikustera, zinemara bezain pozik

Garaipenak maila matematikoki mantentzeko balioko lioke talde donostiarrari.

p046_f01_666x666.jpg

 
KANARIA HANDIA-LAGUN ARO

Arnaitz GORRITI I

Zaila dirudi Lagun Aro Gipuzkoa Basketek Kanariar Uharteetan irabaziko duenik sinestea. Ez da ezinekoa, dena den. Esaterako, aurreneko itzulian Donostia 2016 Arenan 74-66 irabazi zion GBCk Kanaria Handiari. Hori bai, 2010eko abenduaren 11tik hona, gauzak asko aldatu dira. Donostiarrek bi bolada oso txar pasa dituzte, eta, joan den asteburuan Unicajari irabazi arte, ez dute bakerik izan. Aldiz, Kanaria Handiak titulurako kanporaketetan sartzeko lehian jarraitzen du, eta bere etxean bi partida baino ez ditu galdu: Alacant eta Bartzelonaren aurka, hain zuzen ere.

Hala, partidak ezustekorik ekarri ezean, ikusle askok zinemara joatea bezala har dezake gaur arratsaldeko neurketa, Carrol eta Baronen arteko buruz burukoa bailitzan, alegia. Biak ala biak ACB ligako jaurtitzaile onenetakoak izanik, sekulako ikuskizuna eman dezakete egun ona badute.

Jaycee Carroll denboraldiko unerik gozoenean dago. Azken zazpi jardunaldietan batez beste 26,57 puntu lortu ditu. Adibidez, joan den asteburuan 35 puntu sartu zizkion Joventuti Badalonan. Ondorioz, Alfonso Sanchez, Lorbek eta enparauek lan eskerga ukanen dute Laramieko gizona gelditzen. «Caroll bero-bero dago uneotan, eta bera gelditu ezik, jai izanen dugu», aitortu du asteon Gipuzkoa Basketeko hegaleko esloveniarrak.

Horrez gain, aurreneko itzulian Donostian emandako itxura eskasa albo batera laga nahiko du Carrollek. Izan ere, orduko hartan 11 puntu eta 7 errebote erdietsi bazituen ere, hamabi jaurtiketatik lau baino ez zituen saskiratu. Abenduaren 11ko neurketan, Jimmy Baronen 26 puntu eta zazpi hirukoen aurrean amore eman behar izan zuen Kanaria Handiko izarrak.

Rhode Islandeko «hontza», berriz, aurreneko itzulian baino gehiago sufritzen ari da bere eskumutur fina erakusteko. Dena dela, azken lau neurketetan 11 puntu edo gehiago lortu ditu, eta Unicajari bost hiruko dotore sartu zizkion. Horrez gain, jaurtiketa libreen eremutik hutsik egin gabe darrai bederatzigarren jardunaldiaz geroztik.

Maila mantentzeko aukera

Jaurtitzaileen arteko ikuskizunaren lekuko izatea baino helburu sendoagorik badute hala ere Pablo Lasoren mutilek. Izan ere, garaipena lortuko balute, lau jardunaldiren faltan ACB ligan beste urtebete ematea ziurtatuko lukete. Galduz gero, datorren asteburuan Granadari irabaztea nahikoa izango litzateke talde donostiarrarentzat.

Gipuzkoa Basketek badu, dena den, Kanariar Uharteetan irabazteko aukerarik. Taurean Green antolatzaileak min hartu du asteon, eta, ondorioz, Bellas eta Alvarado izango dira talde kanariarra zuzendu beharko dutenak. Salgado eta Urizek beren eskarmentua balia dezakete gazteon aurrean.

Murtzia ACB ligan izango da datorren urtean

Datorren denboraldian ACB ligan izango da Murtzia berriz ere. Liga erregularreko azken jardunaldian Isla de Tenerife taldeari luzapenean 112-111 irabazita eskuratu dute Luis Guil Torresen mutilek ACBrako txartela.

Grupo Iruña talde nafarrak, berriz, zortzigarren postuan amaitu du LEB liga, Tarragonan 73-79 irabazi ondoren. Kanporaketetan Ford Burgos taldea izango du aurkari. Aurreneko bi partidak hilaren 29an eta maiatzaren 1ean Burgosen jokatuko dituzte. Maiatzaren 4an, aldiz, Iruñean ariko dira. Laugarren partida behar balitz, maiatzaren 6an Iruñean jokatuko lukete, eta, berdinketa hausteko azken partida beharko balitz, hilaren 8an Burgosen. A. G.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo