GARA > Idatzia > Iritzia> Txokotik

Iker BIZKARGUENAGA Kazetaria

Irlandatik Donostiara Korrika hel daiteke

Korrika azken txanpan sartu da gaur Donostian, eta, eguraldia lagun, milaka lagunek esango diote agur euskararen aldeko lasterketa erraldoiari. Askoz gehiagok jarraitu diote lekukoari hamar egunetan. Etxetik gertu izanagatik, guk ezin izan genuen Korrikaren hasiera bertatik bertara jarraitu, kanpoan baikeunden, Irlandan, hain zuzen. Baina -zein ederra den batzuetan teknologia- GARAren webgunearen bitartez Trebiñun zegoen giroaz gozatu genuen, eta hunkitu egin ginen. Erabat gainera. Gero, Euskal Herrira bueltan, gure kilometrotxoak ere egin ditugu, eta Korrikaren magia hori, azaltzen zaila dena, gure egin dugu.

Baina, hara nondik, Irlandan geundela Korrikaren gaineko anekdota bitxi eta polita bizi izan genuen gau alai batetan, Belfastera bisitan joan diren euskaldun gehienek ezagutzen duten taberna baten barruan.

Irlandar garagardo bikaineko pinta batzuen inguruan berbetan ari ginela, lagun bat hurbildu zitzaigun, eta, euskaraz, ea euskaldunak ginen galdetu zigun. Guk, baietz. Eta berak, betiere euskaraz, bera Belfasten bizi den irlandarra dela eta lagunen artean Korrikan parte hartzeko diru bilketa egiten ari zela azaldu zigun. Bere asmoa Donostian izatea zen. Hori esanda, bere euskara berak nahi bezain ona ez zelako barkamena eskatu eta ingelesera pasa zen, hizketaldi interesgarria abiatuz.

Euskal Herriko ereduari jarraituz, Irlandan eta Galesen antzeko ekimenak hasi dituztela azaldu zigun -horien berri bagenuen egunkari honetan bertan irakurrita, baina berak, egindako lanaren azalpen sakona eman zigun-, eta bere herriari eta gureari buruz aritu ginen mahai gaineko pintek utzi ziguten artean.

Agurtu aurretik, bera gaur Donostian egon dadin ekarpentxoa egin genuen, eta konturatu ginen zerrenda mardula zuela osatuta, laguntza eman zioten lagunen izenak apuntatuta.

Berri txar asko izaten ditugu herri honetan, ia-ia egunero, eta agian horregatik, beldur naiz ez ote garen egiten ari garen lan erraldoiaren perspektiba galtzen ari. Hamaika egunez, Euskal Herriko biztanleen ehuneko handi batek, ehunka mila lagunek, korrika egin dute gure hizkuntzaren alde. Gau eta egun. Izugarria da hori. Ikusgarriak diren bezala herri honetan egiten diren hainbat gauza. Eta honako irlandar hau bezalako bidelagunak baditugu, nola zalantzan jarri irabaziko dugula?

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo