GARA > Idatzia > Iritzia> Zorroztarria

Julen MURGOITIO

Hatsa darion luperia

Ez dago aurkitzerik. Bilatuta ere, ezin. Ez merkatu globalean ez azoka lokalean, ez dago modurik eskuratzeko. Aste osoa daroat bila, internet erabiltzen ikasi behar izan dut ere, baina inondik ere ez. Hainbat saltoki handitan izana naiz ere, estreinakoz, baina alperrik. Herriko bazar txinatarrera ere joana naiz, azken aukera legez, baina bai horixe! hantxe ere ez. Agortuta dago. Orain gutxi erakusgai zituzten erakusleihoetan hautsa baino ez dago. Bertan behera utzi behar izan dut azkenean bilaketa, etsi-etsian. Litekeena da maiatzaren azkenerako berriro ere ale gutxi batzuk, sikiera, salgai ipintzea denda espezializatuetako apalategietan, hautsa astindu ondoren, jakina. Bai, lupaz ari natzaizu, txikia handi ikusteko erabili ohi den lupaz, hainbatek bere gorputz-adarraren bat ikusteko erabiltzen duen hortaz. Desagertu egin dira publikoaren eremutik aitaren batean, horren arrazoizko arrazoirik inork eman ez badu ere. Hara, lupara!. Kontuz ibili bitez lupa lantresna hartu duten horiek, sortu egiten ari den eguzkiari lupaz begiratzen badiote begi-erretina erre dezakete eta; eta itsu geratu. Batek daki! beharbada itsu geratuta prozesuaren argia ikusteko parada hobea izango dute. Hau mundu aldrebesa!. Gaur gaurkoz, lupa beheko Estatuaren kloaketan metatua den luperiaren seinalea da. Hatsa dariona.

Prozesu serio batean urrats uztartu bakoitzak bere neurriko erritmoa behar du, urrats egileek eurek ipinita, prozesua urratu gabe. Hala ere, batzuetan erritmoa azkartu eta korrika egin behar da, egunez zein gabez egin ere, peto-petoan petoa bularrean eta testigua eskuan. Eskutik eskura, etenik gabe, atsedena korrika egitean hartzen da eta. Ederra gero! Euskal Herriko bazterrik bazter bigarren mailako errepideak izan edo bosgarren mailako kaminoak izan, inoiz ere ez kapazitate handiko ordainezko autobideetatik. Eskutik eskura, tipi-tapa. 31 urte. Zein erraz idazten den. Ziegatik kalera etorri berria. Hormen atzekoa burua tente eta petoa bularrean utzita. Korrika egiteko prest. Testigua da eskutik eskura pasatu behar dena, hormatik hormara hormok hustu arte. 31 urte! Zenbat gauza ez ote diren mundu guztietan izan urte horietan!. Eta burdinsare baten atzetik ikusi behar, ziegak berak edozein produkturen antzera barra-kodea izango balu bezala. Luparik ez da behar txikiaren berezko handitasuna ikusteko. Besarkada beroa.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo