GARA > Idatzia > Euskal Herria

«Alderdikeriak utzita» Aberri Eguna ospatzera deitu du Independentistak sareak

Datorren apirilaren 24an Gernikan zein Baigorrin ospatuko da Aberri Eguna, Independentistak sarearen eskutik. Txutxi Ariznabarretak «kolore guztietako» independentista eta abertzaleak deitu ditu ospakizunera.

p019_f02.jpg

GARA |

Datorren urtean, 2012an, Gernika bonbardatu zutela 75 urte eta Gaztelak Nafarroako Erreinua indarrez konkistatu zuela 500 urte beteko dira. Horrenbestez, Euskal Herriaren historian garrantzitsuak izan diren bi gertaeren «urteurren borobila» beteko da 2012an. Egutegiak hala aginduta, bestalde, aurten egun berean ospatuko dira Aberri Eguna eta Nafarroaren Eguna. Halabeharrezko kointzidentzia hori baliatuz, Independentistak sareak deialdi bikoitza egin zuen atzo goizean, aldi berean iragarriz aurtengo eta datorren urteko Aberri Egunen deialdiak. Aurtengoan, aurrez iragarrita zegoen bezala, Gernikan eta Baigorrin ospatuko da, eta, datorren urtean, Iruñean.

Hala azaldu zuen sareko kide Txutxi Ariznabarretak: «2011 eta 2012, Gernikatik eta Baigorritik, Iruñera. Gernika, gure askatasunaren ikurra, Baigorri, nafar lurralde batasunarena, eta Iruñea, Nafarroako Erresumako eta Euskal Herriko hiriburua, lotu nahi ditugu».

Aniztasunean eta elkarturik

Gernikako Juntetxearen atarian elkartu ziren atzokoan independentistak eta haritzaren azpian lore eskaintza egin zuten 1937ko bonbardaketan hildakoen omenez. Jon Enbeita eta Rafa Ruedak, gainera, «Ale bana» abestia eskaini zuten. Ostean, «independentziaren bidean» Aberri Eguneko ekitaldietan parte hartzera animatu zuen Euskal Herri osoa Ariznabarreta bozeramaileak: «Denon artean Aberri Eguna izugarrizko olatu berde erraldoi bilakatu behar dugu, gero eta gehiago garela erakusteko».

Abertzale guztiei egindako deialdian, Aberri Eguna «kolore guztietako independentistek aniztasunean eta elkarturik» ospatzeko eskaera egin zuen. «Alderdikeriak alde batera utzi: Aberri Eguna abertzale guztion eguna da, abertzale guztiok elkarturik ospatzeko eguna», aldarrikatu zuen Ariznabarretak.

Independentistak sareak atzo Gernikan egindako ekitaldiaren ostean, astebete barru, apirilaren 24an, Aberri Eguna ospatuko da bertan. Ariznabarretak gogorarazi zuenez, gainera, bederatzi egun barru izango da Bizkaiko herria faxisten hegazkinek bonbardatu zuteneko urteurrena. Bonbardaketak bonbardaketa, 74 urte geroago Gernika «bizirik» dagoela argi utzi nahi izan zuten independentistek: «Bizirik dago bere askatasunaren sua behin betirako pizteko prest».

Uruguain ere independentzia aldarri

Argentina eta Uruguaiko euskal diasporako Independentistak sareak antolatuta Hego Amerikan ere Aberri Eguna «era bateratuan» ospatuko dute. Hego Amerikako herrialdeen independentziaren bigarren mendeurrenaren ospakizunekin batera, Montevideon apirilaren 23rako antolatu dute Aberri Eguna. «Herri bat gara, nazio bat gara eta hala gure eskubideen jabe izan nahi dugu eta gure etorkizunaren gainean bakean eta askatasunez erabaki», nabarmendu dute Argentina eta Uruguaitik. Horregatik, Aberri Eguna «euskaldun guztion helburuari, independentziari» argi berdea emateko egun gisa ospatuko dute. Era berean, honakoa aldarrikatu dute: «Gauden lekuan egonda ere, gure aberriaren egunak elkartuta aurki gaitzala». Hala, Aberri Eguna «alderdikerien eta ezberdintasun minimoen gainetik» ospatzeko nahia agertu dute.

Horiek horrela, larunbatean 11.00etan emango diote hasiera Montevideon Aberri Egunari, Cagancha Plazako Askatasunaren monumentuaren aurrean elkarretaratze bat eginda. Eguerdian, Independentzia plazaraino martxa bat egingo dute, eta, ostean, lore eskaintza bat herri askeen babesle Jose Gervasio Artigasen oroigarrian. GARA

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo