Kronika | Korrika 17
Korrikaren harribitxiak, furgonetaren lehen ilara pribilegiatutik
Korrika ez dago kontatzerik. Korrika bizi egin behar da. Gure lana, kazetarion lana, ordea, kontatzea da, bizi dutenen sentipenak islatzea eta oholdearen azpian dauden korronteen berri ematea. Euskararen aldeko martxa mundiala amaitzera doa eta burura datorkidan galdera bakarra hauxe da: «noiz hurrengo Korrika?».
Oihane LARRETXEA I
Esperientzia berrien aurrean, gizakiak inoiz ikusi edo ukitu ez duenaren aurrean, finean, ezezaguna zaionaren aurrean topo egiten duenean, galderak, kezkak, ardurak... euri zaparra moduan harrapaladan maldan behera irristatzen zaizkio. Eta ezin du ekidin. Bere burua egoera horretan irudikatzen du, nola izango den zehatz mehatz marrazteko saiakeran; bere burua apur bat lasaitzeko. Gizakia, oro har, ez da aldaketak atsegin dituen animalia eta kosta egiten zaio esperientzia ezezagunetara igerilekura bezala jaurtitzea.
Halaber, hastear dagoen esperientzia horren emaitza esperotakoa lortzeko gai izango ote den edo ez den izango galdegiten dio bere buruari. Alegia, ingurukoek beretaz espero dutena emateko gai izango ote den galdegiten du, hala izango denaren itxaropenaz. Eta galdera horrek barrua zartatzen dio. Gakoa norberaren buruan sinistean datza. Gainontzekoa bakarrik etorriko da.
Iragandako apirilaren 7an Trebiñun hastekoa zen Korrikaren 17. edizioa. Aspalditik ezagutzen dut fenomeno hau, zehazki, jaio nintzenetik, bera ni baino llehenago sortu baitzen. Nire lehen urratsak eman nituenerako berak eginda zituen hainbat eta hainbat kilometro, euskararen alde Euskal Herria zeharkatzen. Harrezkero edizio asko ospatu dira eta gure hizkuntzak oraindik, zoritxarrez, bere laguntza behar du. Hainbatetan sartu naiz jendetza artean, nire herria bisitatzen zuenean metro luze batzuk egitera batzuetan eta kilometro bakan batzuk betetzera, besteetan.
Korrika niretzat bi urtez behin igarotzen zen martxa handia zen, aldarrikapenak egiteko aukera aparta, euskaraz gozatu eta lagun onekin biltzeko aitzakia polita. Etxerako lanak ez ziren ordea egun hartan bertan amaitzen eta hurrengo egunean, «bihar» horretan ere, euskaraz bizitzearen garrantziaz ohartarazten zidaten etxean nahiz ikastolan.
Aurtengo ediziorako, igerilekura jaurti nintzen. Beste ertzeraino igeri egin behar nuen eta hango bistak zeintzuk ziren deskubritu. Bertatik bertara Korrika ezagutu; «ordulariaren makineria ikustea bezala izan behar zuen horrek -nioen neure buruari abiatu aurretik-, altxorra handi baten harribitxi guztiak eskuez ukitzea bezala». Urduritasuna eta ardura.
Egunotan, hainbeste herri eta hirien artean, asko eta asko izan dira nire barrua kolpatu duten istorioak, gertaerak baita pertsonak ere; une asko igaro dira nire begien aurretik eta keinu asko ikusi ditut lekuko aldaketa bakoitzean. «Euskalakaria» nor den, nolakoa den, nola bizi duen euskara eta nola adierazten duen beregatik sentitzen duena; grina, maitasuna... euskara bizitza bera bizi eta ulertzeko modu bat da.
Lehen kapitulua Trebiñukoa da, bertan Edurne Brouard Korrikako arduradunak lekukoa denon begi bistan jarri zuenekoa. Galtzetako atzeko sakeletik gaur Donostian ezagutuko den mezua atera zuen, zinta gorriaz bilduta. Zabaldu zuen lekukoa goiko aldean duen irekieratik eta bertan sartu zuen iluntasun estu hartan. Hura izan zen bidaia honen lehen unea, bihotza txikitzen duen horietakoa. Albora begiratu nuen kuriositatez eta orduan, ezezagunen begiradetan, ulertu nuen han ginenok oso sendoa zen zerbait konpartitzen genuela. Brouardek ere sentitu zuela badakit malkotan aritu baitzen eta «Korrika hiltzeko jaio» zela esan onartu zidan. Eta hori gertatzen denean «ospatzeko arrazoia» egongo dela erantsi zuen, euren helburua bete dela esan nahiko baitu.
«Euskalakaria» izatea
Bertan ginenok eta bidean bat egin dutenek tinko eutsi diogu euskararen sokari, hura helduta aurrera egin dute bidean milaka eta milaka parte hartzaileek, gau eta egun. Jendetza aipatzearena dagoeneko topiko tipikoa da, baina errealitatea hori da. Ezin zenbatu eta ezin jakin zenbat pertsona mugitzen dituen Korrikak (ba al dago zurrunbilo hau sortzen duen beste ekitaldirik?). Jendeak bihotzetik hartzen du parte. Batzuk korrika egiten dute, besteek lanetik Korrikara joateko propio eskatzen dituzte egun libreak eta beste batzuek oporretako egunak antolaketa lanetan xahutzen dituzte.
Eta, hain zuzen, bakoitzak ahal duen hori ematearen ezaugarria estrapola daiteke «euskalakaria» den horrengana. Pertsona hori da, asko edo gutxi jakin, euskara hautatzen duena arnasa hartzeko. «Euskalakaria» borondate handiko pertsonak dira, kementsuak eta amore emateko prest ez daudenak. Euskara bihotzetik mingainera luzatzen dutenak.
Korrikak argitara atera ditu «euskalakarien» istorioak. Iparraldetik Lizarradearaino, herri askok gogorarazi dute hizkuntza zapaltzaileen mehatxuan bizi direla; non gaztelera edota frantsesa inposatu diren, non euskara alboratua izan den, bigarren mailako hizkuntza balitz.
Euskarazko hezkuntza etxetik gertu eduki ahal izatea ez da eskubidea, luxua baizik. Honen harira, alkate, zinegotzi nahiz lehendakariei zuzendutako belarri tirakada ugari ere entzun dira ohartarazteko euren hizkuntza politikek «asko dutela hobetzeko».
Euskararen ofizialtasuna ere eskatu dute, behin eta berriz, «orain» izan behar duela gaineratuz. Ipar Euskal Herrian AEK-ko arduraduna den Jakes Bortairuk ere honen inguruan egin zuen hausnarketa. Berak ordea nahiago du inor ez «zigortu». Miresgarria iruditu zitzaidan Bortairuk «mendeku» gogoa ez sentitzea. Euskarak jasan ditu -eta jasango ditu- erasoak eta hain zuzen horregatik «ez dugu besteekin hala jokatu behar» erantsi zuen. Alegia, ez gaitezen haien ezjakintasun berberaz gidatu. Izan gaitezen haiek baino argiagoak.
Bere ustez erabiltzeko borondatea da gakoetako bat, baita ikasteko gogoa azaltzea ere.
(hurrengo orrian jarraitzen du)
Hori dela eta, bete betean bat egin zuen «Maitatu, ikasi, ari...euskalakari!» aurtengo leloarekin.
«Magiarada»ren istorioak
Egunotan mantendutako elkarrizketa amaigabeetan, Korrika «magiarada» dela aipatu dugu behin eta berriz, eta bitxikeria, Korrika bera dela ohartu gara. Gauza kurioso mordoa probokatzen dituen erokeria honen elementua ezinbesteko dira, beste behin, korrikalariak. Hauek lasterketara atxikitzen direnean euren hankez gain, euren istorio partikularra jartzen dute asfaltu gainean eta gure lana, kazetarion betebeharra, neurri handi batean, begiak zorroztu eta haiek bilatzea da.
Ixabela Barreix eta Maritxu Castillon Trebiñun ezagutu nituen, lehen egunean, kasualitate hutsez; ezezagunen artean begiradak bilatzen nenbilela. Zuberoako bi adiskideak hamar egunez korrika jarraitzeko asmoa zuten autoz nahiz arineketan. Gogotsu zeuden, Euskal Herriari bira eman eta guztiz berria zitzaien esperientzia disfrutatzeko. Patuak behin baino gehiagotan elkartu gaitu, izan ere, lehen aldi hartatik hainbatetan egin dugu topo. Nafarroatik igaro ostean, une hunkigarriena Iruñean bizitakoa zela baieztatu zidaten eta ostiralean ere, Bilbon egon ondoren, hala pentsatzen jarraitzen zuten.
Nekeak neke, irakurketa erabat positiboa egin zuten bidaiaz, eta batez ere euskara bizirik mantentzeko jendeak duen indarra azpimarratu zuten.
Ixabela eta Maritxuz gain, eguzkia bezala agertu eta desagertu egin da hamaika egunotan Joseba, txantxetan Andoni Egaña gisa bere burua aurkeztu duen txirrindulari bertsolaria. Egunero gerturatu da maillot urdina jantzita Korrikara, tarteka mikrofonoa hartu eta paisaia edota herriarekin lotutako bertsoak kantatzera. Joseba edo Andoni, Andoni edo Joseba, kontua da 17. edizioan grabatuta gelditu dela bere izena, baita bertan lanean ari ginenon memoriatan ere. Hori ere lortzen du bi urtetik behin euskararen aldeko martxak: ordurarte existitzen ez ziren pertsonak aurkezten dizkizu eta ikusten dituzun bakoitzean pozarren agurtzen dituzu, euren inguruan ezagutzen duzuna baina gehiago dakizunaren sentsazioaz. Eta haiek, Korrika egunero jarraitu dutenek, eguneko agerraldia egiten zutenean lasaitasun modukoa sentitzen nuen. Hura zen hainbestetan «euskalakarien» kemena erakutsi duen egoera bat. Keinu konplize haiek munduarekin adiskidetzen ninduten.
Lekukoaren azal leuna
Errepideko «euskalakariez» gain, Korrikak aurkeztu dizkit hainbat eta hainbat pertsona, furgoneta barruan ia hamaika egunez bertan bizi diren animatzaile eta antolatzaileak, hogeita lau orduz kazetariokin egon diren AEK-ko komunikazioa kideak, baita beste komunikabideetako kazetariak ere. Prentsa idatzirako, irratirako edo telebistarako lan egin dugu talde bakarra osatuz. Furgoneta barruan garatu da gure lan nagusia, eta hor kokatuko nuke bizitako bigarren unerik hunkigarriena.
Etxarrin ginen eta ordulariak gutxi falta zuen 9.00ak zirela iragartzeko. Taldea prest ginen aurreneko aldiz furgonetara igotzeko, korrikalariak lehen ilara pribilegiatutik ikusteko. Bertan, pankartaren aurretik lekukoa estu estu hartzen zuen zortzi urteko mutikoaren irribarrea ez dut sekula ahaztuko. Zalantza izpirik ez nuen: horixe zen zoriontasunaren aurpegia. Aurreko egunean bezainbeste hunkitu nintzen, Brouardek mezua sartzen zuenean. Azala harrotu zitzaidan, zerbait lehen aldiz ikusten edo bizitzen den emozioaz. Geroztik bi mila lekuko aldaketa baino gehiago ikusi ditut eta honezkero ez dut lortu deskubritzea zer duen mugimendu horrek gertatzen den bakoitzean atrapatu egiten nauela.
Orduek, egunek aurrera egin ahala ikusi dut nola zahartu zaion azala makila preziatuari, nola busti duten izerdiek, euriek, nola ema dioten musu heldu ostean eta askatu aurretik... nola astindu duten airean ikurriña txikia zintzilik zuela. Eta begirada horiek guztiak zuzentzen nizkion bakoitzean biluzten saiatzen nintzen, helburua lortu gabe. «Zein izango ote da barruko mezua, nork idatzia ote»... eta bere azala ukitzeko irrikaz, ostiralean izan nuen desioa betetzeko aukera.
Ortuellan gine, 1.888. kilometroan eta taldeko kazetariok tartea erosia genuen, ordurarte korri eta korri ikusi genituenak bezala, euskararen alde aurrera egiteko. Leuna, goxoa, arina eta ederra. Lekukoa eustean sentitu nuen hirugarren zirrara handia. Pankartaren aurretik korrika zebilena ni nintzela sinistea kosta egiten zitzaidan. Airean gogor astindu nuen, ikurriñaren koloreak zabaldu nahiko banitu bezala, oraindik gure altxorraren balioa ulertu ez dutenei edo nahi ez dutenei dei eginez. Etxarriko mutikoaz oroitu nintzen orduan eta, hari bezala, zoriontasuna agertu zitzaidan aurpegian.
Bueltatzeko gaiara
Joan nintzen Korrikaren beste ertzera eta orain buelta egiteko garaia da. Altxorraren harribitxiak deskubritze horretan izan dira zailtasunak, dena ez baita lehenengoan ateratzen. Bazirudien ordularia ohi baina mesfidatiago zegoela eta bere aurka borrokan nengoela sentsazioaz, neure buruan sinistearen premisa jarraitzen saiatu naiz. Gainontzekoa, hizkiak, lerroak atera dira bata bestearen atzetik hamaika egunotan.
Lan egiteko bitartekoek ere ez dute eguneroko erredakzioekin zerikusirik, beharraren zatirik handiena furgoneta barruan garatu baitugu. Bertan jaio dira ideia gehienak. Barreak egiteko parada egon arren, han ezin zen denborarik galdu. Begiak zorroztuta, aipatutako istorioa bilatu beharra zegoen, pertsona deskubritu eta posible bazen, haietatik ikasi.
«Euskalakariei» galdetzeko furgonetatik igo eta jeitsi ibili gara etengabe, eta orduan eman dira une dibertigarrienetariko batzuk martxan furgoneta hartu eta uztea ez baita lan makala. Esan ziguten aurreko edizioan kolpeaz ez zela kazetaririk «libratu». Oraingoz bakarra erori den arren, gaurko itxiera egunari gelditzen zaizkio ordu batzuk beraz ez dut ozenegi hitzegingo.
Donostian begirada zuzenduta pentsatzen jarraitzen dut gizakiak beldurra sentitzen duela esperientzia ezezagunen aurrean baina dastatutakoan ideia bakarra datorkiola burura. «Noiz hurrengo Korrika?».