Top 14
Bigarren fasea gero eta gertuago dauka Biarritzek
Zuri-gorriek sekulako norgehiagoka egin dute, zortzi entsegu lortuta. Hori bai, partidako azkeneko hamar minutuetan beste hiru jaso dituzte.
Jon LEUNDA I
Biarritzek final-laurdenak jokatzeko urrats handia eman zuen atzo Brive astindu eta sailkapenean bost puntu gehiago batuta. Hori bai, amaieran erabat lasaitu ziren, eta azkeneko hamar minutuetan hiru entsegu jaso zituzten, puntu gehigarria ere arriskuan jarriz. Atzoko lehiak zalantzak sortzen zituen. Pasa den astean zaplazteko handi samarra hartu zuten Heineken Kopan eta horri buelta nola emango zioten bazegoen kezkarik, baina behin partida hasi zenean, gauzak garbi geratu ziren.
Lapurtarrek lehen minututik ekin zioten erasora. Aurrean jokoan ohorea besterik ez zuen talde bat zuten, eta hori ere asko nabaritu zen. Etxekoek bazekiten bost puntu behar zituztela gauzak argiago izateko, eta hasieratik ekin zioten horri. Atseden hartzera joan aurretik Agilerakoek lau entsegu eginak zituzten jada.
Hortik aurrera gauzak gutxi aldatu ziren, eta bigarren zatiaren erdirako zortzi entsegu ere eginak zituzten. Horrek, ordea, lasaitasuna ekarri zuen etxekoen artera, eta kanpotarrek hiru entsegu gauzatu zituzten. Puntu gehigarri hori arriskuan jarri zuten, baina ez zen bestelakorik gertatu, amaieran garaipen erosoa izan baitzen.