Ibarrola eta Janotsek lortu dute finala jokatzeko txartela
J.L. I
Janots eta Ibarrola dira Berezkoen Binakako Txapelkako finalera sailkatu den lehen bikotea. Hortaz, Landasetako herrialdeak lehen aldiz izango du finalista bat profesionaletan, eta Janotsek izango du ohore hori.
Landestarrak eta Nafarroa Beherekoak 40 eta 30 irabazi zuten lehen finalerdian Intxausperen eta Ezkurraren aurka. Norgehiagoka emaitzak ematen duena baino estuagoa izan zen. Gakoa sakean egon zen, izan ere Ibarrolak hamaika tanto egin baitzituen hasierako jokaldiari esker, eta bost Intxauspek.
Tantoak egiteaz gain, lehen jokaldiarekin min asko egin zuen Ibarrolak, tantoa egiten ez zuenean ere, hirugarren jokaldian lortzen baitzuen.
63 minutu iraun zituen norgehiagoka honela joan zen: 0-2, 2-2, 4-4, 11-4, 13-5, 21-12, 34-16, 37-21 eta 40-30.
Atzo Maulen, berriz, final-laurdenetako bigarren norgehiagoka jokatu zen. Berez, pasa den astean zen jokatzekoa, hasi ere egin ziren, baina Kurutxarik pilotakada batekin bekaina ireki zion Etxetori, eta atzo neurketa errepikatu egin behar izan zuten.
Berriro ere gauzak nahi bezala ez ziren joan, Biellek zenbait arazo medio, azken orduan ezin izan baitzuen jokatu, eta bere ordez Larretxea aritu zen. Amaieran Larretxeak eta Kurutxarik 40 eta 34 hartu zituzten mendean Ezkurra I.a eta Etxeto. 70 minutu iraun zituen norgehiagokak, eta oso orekatua eta gogorra izan zen. Finalerdietan, datorren larunbatean, Lanbertekin eta Waltarirekin jokatu beharko dute.