KRONIKA
Turista katalanarena
Xabier IZAGA I
Habanako aireportura iritsi orduko konturatu nintzen ez nengoela oparotasunaren erresuman. Jakinaren gainean nengoen.
Kubako Alderdi Komunistaren Kongresuaren bezpera zen, eta nire lehenengo mintzakideak esan zidanez, asko hitz egiten da horretaz. Aldaketak espero dituzte, batez ere arlo ekonomikoan. Lantegietan eta auzoetan eztabaidatu omen dituzte proposamenak. Ekimen pribatua, nekazaritza, moneta... Osvaldo berrogeita hamar urte inguruko langilea da, eta zenbait seme-alaba ditu. Soldatak igo ezean, estuasunean jarraituko du. Osasungintza eta hezkuntza, ordea, ezin omen dira sakrifikatu. Kongresuan 1.000 ordezkari izango dira. Edozein izan liteke ordezkari, diost. AEBetan eta Europan ere edozein izan liteke parlamentari eta are herrialdeko presidente, diotsak nik, eta berak ezetz, moztu dit, bere arreba Espainian bizi da eta hori gezurra dela esan diola. «Aizu, hau ez da Tunisia». Blokeoa aipatu du; hala ere, herrialdeak neurriak hartu behar dituela aurrera egiteko. Gehienak iraultzaren alde daudela dio, pentsamolde desberdin eta kritikoak dauden arren.
Hurrengo mintzakide gaztea ez da gehiengo horretakoa, nonbait. Badaki kongresuaren berri, baina «kubatarrak ez du politikaz hitz egiten». Eta politikaz hasi da. Ez du aldaketa handirik espero. Ekonomia omen da arazorik handiena. Lan egiten zuen lantegia itxi egin zuten eta aitonaren autoarekin -«amatxoren adin berbera du»- dabil turistak batetik bestera eramaten. Bizitza gozatu egin behar dela dio: liburu on bat, solasaldi on bat, laguntza on bat... Lagun espainiar bat omen du, Bartzelonakoa. Bidaia bukatutakoan, elkar agurtu eta itxaroteko esan dit. «Ez dezatela esan nik katalan bat opari bat egin gabe utzi dudala». Euskalduna naizela esan behar diot... kutxatxo bat zabaldu eta kohibatzar bat luzatu didanean, baina pentsatu dut inork ez didala esan arbaso katalanen bat ez dudala. Bat baino ez, ordea, eta peso erdi bat gehiago eman diot.
Kalean ohiko kontsigna patriotiko eta iraultzaileak ageri dira, baina Kongresua dela-eta ezer berezirik ez, zenbait etxetako ateetan eskuz idatzitako karteltxoak -«gora sozialismoa», «gora VI Kongresua »- izan ezik.