Bestearen kontraesanak
Xabier IZAGA I
Solaskide batek anarkista frantsesen esaera bat gogorarazi zidan: ez da ezer obeditu behar, trafiko arauak izan ezik. Eta gaineratu zuen kubatarrek argi daukatela trafiko arauak behintzat ez direla obeditu behar.Geroago, Arielekin mintzatu nintzen, bere auzokoen artean gehien irabazten omen duena. Jende batek kalean eskatzea ulertu egiten du Arielek, «Kuba turismotik bizi da eta». Nolanahi ere, errua Gobernuarena omen da. Askatasun falta...? Soldatak handiagoak izango balira, « hau paradisua litzateke». Hornikuntza-libreta ere aipatu dit; hari esker, denek lortzen dute jatekoa. Baina soldatak handiagoak balira, esan diot, langileek ez lukete libretarik behar eta dirutza hori beste hainbat behar eta proiektutara bideratu liteke, bururatu zait. Ezetz, inola ere ez, libreta ez omen dute kendu behar.
Habana Zaharrean denek saltzen dute zerbait... den-denek ez, batzuek ezer saltzen ez badute ere, eskatu egiten dute, Euskal Herriko hirigunetetako etxegabeek bezala. Playa Girongo garaipenaren 50. urteurrena dela-eta, biharamunean desfile militarra eta herriaren manifestazioa egin behar zutenez, hirururogeita hamar bat urteko gizon batek biharamunean Iraultzaren Plazara joan beharra zegoela esan zidan, eta egunkari bat eskaini. Zenbat den galdetu diot. Ezer ez. Egunkaria hartutakoan, peso bat eskatu dit. Itzuli nahi izan diot, baina ez du hartu. Egunkariaren izenari erreparatu diot: «Juventud rebelde».
Kubako demokrazia falta salatu eta Lehen Munduko eta haren lagunen gehiegizko demokrazia aldarrikatzen dutenak dabilzkit buruan. Baina Kuba eredu duten batzuk ere etorri zaizkit gogora. Izan ere, Kubakoa beste eredu bat da, eta seguruenik ez da bestea baino okerragoa herritarren parte-hartzeari dagokionez. Kubak ezertan «atzera» egin behar ez duela dioten hainbatek justizia sozialaren eta duintasunaren eredu dute herrialde hau, arrazoiz, harrotzeko moduko eredu hau etxetik 10.000tik gora kilometrora.