GARA > Idatzia > Kirolak> Errugbia

Montpellier

Final-laurdenetan aritzeko ametsak bizirik jarraitzen du Baionan

MONTPELLIER 17
AVIRON 22

J.L. I

Aviron bizirik dago, eta bi jardunaldiren faltan Ligako final-laurdenak jokatzeko borrokan sartu da. Atzo partida erabakiorra zuen. Aurkari zuzen bat zuen aurrean. Galduta ia aukerarik ez zuten izango, eta Montpelierrek, berriz, hanka bat zuen final-laurdenetan. Baina zuri-urdinek partida handia egin zuten, eta lau punturekin etxeratu ziren. Bosgarrena ere gertu izan zuten, baina entsegu bat falta izan zaitzaien horretarako.

Euskaldunek oso partida ona egin zuten, eta oso azkar entsegu bat jaso arren, horri buelta ematen jakin zuten, eta baita gero jokoan nagusitzen ere.

Partidak oso itxura txarra hartu zuen, lehen minutuan entsegua lortu baitzuen etxeko taldeak. Nahiz eta gero ez zuten gauzatu, Biarritzen partidako mamuak agertzen hasi ziren. Baina, oraingoan huts bakarra nahikoa zela pentsatu zuten baionarrek, eta horri buelta emateko ahaleginari ekin zioten. Laugarren minuturako aurretik ziren gauzatutako entsegu bat lortu ostean, baina etxekoek berriro ere aurre hartu zuten beste zigor bat gauzatuta.

Hortik aurrera euskaldunak aurre hartu zuten markagailuan, nahiz eta gauzak estu izaten jarraitu zuten. Jokoan, euskaldunak hobeto aritu ziren, baina auzia neurketa amaitzeko hamar minutu falta zirenean erabaki zen, Gerberrek entsegua lortu zuenean, eta Boyetek gauzatu zuenean. Azkeneko minutuetan sufritzea egokitu zen, baina hori normaltzat jo daiteke, izan ere Montpellierrek asko zuen jokoan. Gajanek eta Lievremontek zuzentzen dituzten mutilek burua behar zen lekuan eduki zuten, eta amaieran garaipen handia lortu zuten.

Orain bi jardunaldi geratzen dira Liga amaitzeko, eta euskaldunek bi garaipen lortzen badituzte seguru sartuko dira final-laurdenetean. Lehen seiren artean sartzea lortzen ez badute, zazpigarren postua nahi dute, horrek datorren urtean Heineken Kopan jokatzeko aukera emango baitie.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo