GARA > Idatzia > Kirolak> Baskonia

Kantxa faktorea ziurtatzeko azken urratsa

Dragicevic iritsi berriak ligan debutatuko du azken partidetan gainbehera doan Valladoliden aurka. Irabazita, gasteiztarrek gutxienez laugarren postua bermatu ez ezik, Bizkaia Bilbao Basketi ere lagunduko liokete.

p046_f01.jpg

 

BASKONIA-VALLADOLID

Arnaitz GORRITI

Hiru jardunaldiren faltan, sailkapeneko hirugarren postua bi garaipenera dauka Caja Laboral Baskoniak. Ondorioz, uneotan daukan laugarren leku horri eusteko ahalegina egin beharra du talde gasteiztarrak. Horretarako urrats bakarra, hots, garaipen bakarra, nahikoa du; eta, noski, zer hoberik gaur eguerdian Zurbaon Valladoliden aurka lortzea baino.

Uneotan, hurrenez hurren, Fuenlabrada, Kanaria Handia eta Bilbao Basket dira laugarren postua eskuratu dezaketen beste hiru taldeak. Denak ere 18 partida irabazita daude, arabarrak baino bi garaipen gutxiagorekin; hortaz, Ivanovicen mutilek hiru partida galdu beharko lituzkete bata bestearen segidan laugarren postua galtzeko.

Azken finean, laugarren amaitzeak titulurako lehen kanporaketan -hiru partidatara jokatzen den final-laurdenetakoa, hain zuzen ere- kantxa faktorea alde izatea suposatuko lioke Dusko Ivanovicen taldeari. Honakoa ez da, noski, batere kontu hutsala, are gutxiago Caja Laboral Baskoniak aurtengo ligan galdu dituen 11 partidetatik hamar Gasteiztik urruti galdu dituela kontuan hartuz gero.

Mesedea eta errebantxa

Valladolid urteko sorpresetako bat izan da. Kluba diru aldetik oso larri ibili arren, Fisacen mutilak aurreneko zortzien artean izan dira urte osoan. Uneotan, ordea, gainbehera doazela dirudi: hamazazpi garaipenekin, bederatzigarren postuan daude, eta Fede Van Lackek, gainera, ez du jokatuko, lunbalgiak jota baitago. Gainera, irabaziz gero, Bilbao Basketi egundoko mesedea egingo lioke Baskoniak, kanporaketan izateko bizkaitarren aurkari zuzena baita Valladolid.

Horrez gain, errebantxa gogoa ere badago Araba aldean. Aurreneko itzulian 78-64 nagusitu ziren Valladolidekoak Pisuerga kiroldegian jokatutako neurketan. «Erraz xamar irabazi ziguten joanekoan, eta, horregatik, beraiei irabazteko sekulako gogoa dugu», onartu du asteon Marcelinho Huertasek. Sao Pauloko antolatzailearen aburuz, «nahiz eta azken jardunaldian Madrilen galdu, dinamika onean murgilduta gaude. Taldea ongi ikusten dut, bere buruarengan konfiantzaz gainezka, eta noski, galtzeko aukerarik dagoenik ere ez dugu uste».

Valladoliden aurka Dragicevic iritsi berriak ACB ligan debuta egingo du. Ostegunean, bost falta eginagatik, taulapean moldatzen dela erakutsi zuen. Bere aurkezpenean, berriz, «lana, defentsa eta erreboteak» eskainiko dituela agindu zuen.

Porfi Fisac: «Hamaika tranpa prestatuko ditut»

Diru falta dela-eta, Lamont Barnesek duela hainbat aste utzi zuen taldea. Min hartuta dagoelarik, Fede Van Lacke argentinarra ez da Gasteizen izango. Lan txarrak, ondorioz, Porfi Fisacen Valladolidentzat gaur eguerdian.

Hala ere, Bruesa GBCko entrenatzaile ohia ez da edonola amore ematen duten horietakoa. «Gaizki ateratzen bazaizkigu, egurra jasoko dugu, baina hamaika tranpa eta amarru erabiliko ditugu Baskoniaren aurka», iragarri zuen asteroko prentsaurrekoan. «Baskoniako jokalariek baloia oso erraz mugitzen eta saskiratzen dute, eta, Dragicevic etorri delarik, asko indartu dute barneko jokoa. Dena dela, lehiakor izateari sekula ere ez diogu uko egingo», gaineratu zuen. A. G.

 
Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo