GARA > Idatzia > Kirolak> Saskibaloia

NBA

Randolphen eskutik, Memphisek San Antonio Spurs kanporatu du

A. G.

Memphis Grizzlies taldeak bere historian aurrenekoz titulurako kanporaketa bat gainditu du, San Antonio Spurs 2-4 garaitu ostean. Kantxa faktorea Texaseko taldearen alde izan arren -sasoi erregularreko talde onena izan da-, Zach Randolph miragarri bati esker aurrera egin du Tennesseeko taldeak. Kontuan izan behar da, gainera, Rudy Gay taldeko izarra aspalditik dagoela jokatu ezinda.

Seigarren deman 99-91 gailendu ziren Z-Bo -hala ezagutzen dute Randolph- eta enparauak: 31 puntu eta 11 errebote eskuratu zituen pibotak. Alperrik izan ziren Parkerren 23 puntuak edo Ginobili eta Splitterren ausardia. Aipagarria da ere Marc Gasol kataluniarraren lana; 12 puntu eta 13 errebote lortu eta Duncan menperatu zuen.

Honakoa Mendebaldeko Konferentzian titulurako kanporaketetan ligako zortzigarren sailkatuak aurrenekoa kalera botatzen duen bigarren aldia da, 2007an Golden State Warriorsek Dallas Mavericks kanporatu ostean.

Kevin Duranten Oklahoma City Thunder izango da Memphiseko taldearen hurrengo aurkaria. Tennesseekoen entrenatzaile Lionel Hollinsen aburuz, «zerbait berezia egiteko sekulako abagunea dauka talde honek».

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo