Julen MURGOITIO
National Geographic-eko azkena
Asper eginda nengoen herenegun etxean prime time denboran, behatzetako babak ezin sendaturik. Korrikagatik, ez prozesioengatik! Tira, ez aurrera ez atzera nengoela, telebista piztea otu zitzaidan. Eta hantxe nintzen, sofan botata, urrutiko agintearekin borrokan, zeinek zein aginduko, errietan. Azkenean, teknokraziak irabazi eta urrutiko aginteak berak hasi zen sintonizatzen, bere kabuz, libre; eta ni, ostera, gatibu, baina sofan botata. Batek daki zenbat kanal ez ote ziren aitaren batean pasatu nire begien aurretik! Ez nago seguru, baina teilatuan teila berriak ipini ditugunetik pilo bat kanal berri ageri zaizkigu telebista zaharrean. Hori bai, gaitz egiten zait iragarkiak eta iragarki ez direnak bereiztea, azken hauek laburragoak izaten baitira iragarkiak baino. Total, hamaika telebista ageri, etenik gabe, urrutiko agintea ez dakit nongo Parkin baten semeak hartuta bailitzan. Itzela! Derrepentean telebistako irudia finko geratu zen, aleluia! Urrutiko agintearen bateria agortu egin da!, pentsatu nuen neure ezjakinean.
Bai, dokumentala ematen zuen. Wild life edo, paraje arraroetan bizirauten duten espezie arraroen bizimodu arraroa islatzen duten dokumental arraroetariko bat. Interesantea begitandu zitzaidan, tentetu eta guztiz egin bainintzen sofan. Eta arretak hartu ninduen. National Geographic-ekin egin du aginteak topo!, pentsatu nuen, ez da uste nuen bezain inozoa! Total, Westminsterreko erreserba naturaleko irudiak ziren, hango inguru higuingarrietan desagertzear omen den espezie urdin baten ale batzuen irudiak. Hau kolpea!, hainbeste bider entzun gure hau Planeta Urdina dela eta nik uragatik zela pentsatu! Lerdo honelakoa! Tira, harira. Bikote bateko emea eta arra ageri ziren irudietan, soropiletik usainka edo, eta inguruko sasitzan hamaika harrapari, zelatan. Zein zeinen presa izan ez zegoen argi dokumentalean. Total, emearen isatsa ikusgarria zen, hiru bat metrokoa, eta bere aurrean arra tente, ikusgarri tente ere. Halako batean, emea estaltzen hasi zen arra. Aharitu bada ahariak ardiari egina, eta akertu akerrak ahuntzari, kasu honetan printzetu esan beharko batak besteari egina. Eta bikoteak berak plebeari egina, izorratu! Total, banketean beste espezie urdin berri bat ageri zen, orroka: salmonella, oraindik ere bizi oparoa behar duen espezie jatorra.