GARA > Idatzia > Iritzia> Gutunak

Andres Urrutia Euskaltzainburua

Jose Antonio Arana, herritarra eta herriarentzat

Joan zaigu, zendu da Jose Antonio Arana. Horra albiste latza, goizean izan dudana. Bat-batean, burura, hainbat gertaera, pasadizo, bizipen... ezin konta ahalekoak.

Lehen kezka familiakoentzat. Maiteder emaztearen gomuta eta etxeko guztientzako kolpe gogorra. Jose Antonioren eguna zela eta, duela gutxi aritu ginen biok telefonoz hizketan, nik berari zorionak emateko eta beste urte baterako agiantzak opatzeko. Umoretsu zegoen eta elkarri egin genion agindua, halako batean egotekoa. Tamalez, ez dugu hori beteko.

Jose Antonio Aranaren biografia labur biltzea eta lau lerrotan ematea ezinezkoa dela begi-bistan dago. Nonbaitetik hasi behar eta berehala datozkigu aurrera liburu zaletasuna, musikarako grina, historiari buruzko joera eta jakituria eta ororen gainetik, haren ardura eta kontzientzia, euskara eta Euskal Herria uneoro ezpainetan eramatera bultzatzen zuena.

Bazen Jose Antonio, bestetik ere, ekimeneko gizona. Izatez, Jose Antonio partaide eta bultzatzaile izan genuen hainbat ekitaldi eta jardunetan. Ez gutxiago, ideia emaile eta sortzaile, arlo askotan.

Hitz batez esateko, herritarra, Euskal Herria xede zuena. Horren erakusle, sariak eta aitortzak. Azkenak, besteak ere bazterrean utzi gabe, Gernika herriaren omenaldia eta Eusko Ikaskuntzaren Manuel Lekuona saria.

Jose Antonioren ibilbidean aipatu behar da Euskaltzaindian egin zuen lan eskerga. Euskararen akademian luze izan zen hura zuzendaritza kide eta arduradun. Legelari eta ekonomian aditua izanik, ondo ulertzen da haren aspaldiko erantzukizuna, hain zuzen ere, Euskaltzaindiaren diruzaintzarena, ganora osoz moldatu zuena Juanjo Zearreta zenaren laguntza paregabearekin. Hil arte, euskaltzain bibliotekaria, Azkue bibliotekaren batzordeburua eta argitalpen batzordearen kidea izan da.

Euskaltzaindiaren Azkue bibliotekan erakutsi zituen, erakutsi ere, bere indarra eta bultzada, akademiaren biblioteka izan zedin euskaraz eta euskarari buruzko bibliografian ezinbesteko errefe- rentzia. Bertara ekarri zuen bere biblioteka, Euskaltzaindiak, gerora, katalogazio bidean jarri zuena.

Ezin baztertukoak dira, orobat, haren ahaleginak, belaunaldi berriek akademiaren barruan erakundearen lekukotza har genezan. Neurea ez ezik, hainbatena ere bada Jose Antoniorengandik jaso dugun eragina, Akademiaren lan eta nekeetan parte hartzeko.

Gernikarra izanik, ez zuen hark ukatzeko gernikarren euskaltzaletasuna. Niretzat pozgarri oso izaten ziren Calzada egonetxeak antolatzen duen gaztetxoen narrazio lehiaketan berarekin batera mahaikide izatea. Jose Antonio zen gure buru eta hark xehetasun eta zehaztasun osoz epaitzen zituen lanak, nork zer eta nola idatzi zuen aztertuz, hango eta hemengo marrazkien balioa aipatuz eta abar. Gero, hurrengo egunean, sariak emateko jaialdian, han zen bera, gernikar gazte haiek nor ziren jakiteko gogoaz, haiek ikusten baitzituen etorkizuneko euskaldunak Gernikan.

Hortaz, Jose Antonio, utzi iezadazu zu zeu honetara definitzen: herritarra eta herriarentzat. Badakit, bestalde, berriro ikustean, egun handi horretan, biok berbetan jarraituko dugula, aspertzeke, euskaraz eta euskal kulturaz.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo