Pello Urzelai 2011/4/30
Sortutik Bildura
berria
Patxi Lopez Eusko Jaurlaritzako lehendakariak esan duen bezala, epaileek katramila juridiko-politiko handia dute esku artean Bilduren auziarekin. Baina epaileek bakarrik ez, baita agintariek eta alderdi politikoek ere. Inor ez dago salbu. Bilduren auzia Sorturen auziaren arrastotik dator. Oinarri bera dute biek: Polizia eta Guardia Zibilaren txostenak, helburu nagusi batekin eginak, hots, ezker abertzalea (eta honek parte har lezakeen edozein aliantza independentista edo subiranista) bozetatik kanpo uztea. Helburu horrekin kontakizun bat eraiki dute informazio zerbitzuetako txostengileek, dokumentu batzuk maltzurki erabiliz eta beste batzuk ezkutatuz (...).
Bilduren kasuan, antzera jokatu dute. Baina askoz ageriago gelditu dira eskubide urratzeak, trikimailuak eta sorginen ehiza. Kutsaduraren kontzeptua muturreraino behartu dute: Gazte Topaguneren batean parte hartzea, TATeko kide izatea, GazteHerriak antolatutako ekimenetan parte hartzea, Jarrai-Haika-Segi auziaren kontra manifestua sinatzea, legez kanporatutako hautesle elkarteen abalistak izatea, kale mobilizazioetan identifikatuak izatea... Kontrol ideologikoa erabiltzen duen estatu polizialaren itzal luzea erakutsi dute, lotsarik gabe. Aldi berean, hautagai gehienak ez daudela «kutsatuta» aitortu dute. Baina, hala ere, independenteak «Batasunekotzat» jotzen dituzte. Daturik gabe, jakinda ezinezkoa dela bereiztea zerrendakideen filiazio politikoa.
Orain, kontrazantzua -indarkeriarekiko jarrera- Sorturen kasuan baino indartsuagoa da, tartean EA eta Alternatiba alderdiak daudelako. Inpugnazioetan errealitate hori saihesten da, eta Bilduko hautagaiek sinatutako dekalogoan ETAren indarkeriaren arbuioa jasotzen dela ezkutatzen dute. Nola geldi daiteke gehiegikerien gurpil hau?