GARA > Idatzia > Euskal Herria

«Kasu, ikastola kexu» leloak milaka lagun bildu ditu Baionako karriketan

Ikastolek datorren urteari begira pairatuko dituzten lanpostu murrizketak salatzeko milaka lagun elkartu ziren atzo Baionan. Hezkuntza Ministerioari beharrezko bitartekoak bermatzeko eskatu zioten.

p023_f02.jpg

Ainize BUTRON | BAIONA

«Kasu, Ikastola kexu» deiadar nagusiaren pean Baionako karrikak zeharkatu zituzten atzo Lapurdi, Nafarroa Behere eta Zuberoako ikastolek. Arratsaldeko bostetan emana zuen hitzordua Seaskak Baionako Lauga kiroldegian, eta, joaldunek manifestaldia irekitzen zutela, ondotik, ikastoletako lehendakariek eraman zituzten deialdiko bi banderola nagusiak. Lelo nagusiarekin batera, «Postu murrizketari ez, kalitatezko irakaskuntzari bai» aldarrikapena luzatzen zuen manifestaldi hasie- rako bigarren banderolak.

Ikastolek datorren ikasturtean pairatuko dituzten lanpostu murrizketak izan ziren atzoko protestaldia deitzeko arrazoi nagusia. Milaka lagun irten ziren kalera, gainera, Seaskak luzatu deialdiarekin bat egiteko. Ikastoletako lehendakarien lehen banderolaren ondotik, Uztaritze, Amikuze, Baiona, Angelu, Baigorri eta beste ikastola guztietako ordezkariak bildu ziren.

Gaurko eta atzoko gurasoak, aitatxi-amatxiak eta haurrak ere bildu ziren Baionako karriketan. Azken horiek azkarki oihukatu zuten «Kasu, Ikastola kexu» aldarrikapena. Horrekin batera, «Euskara salbatzeko, salba ditzagun ikastolak» edo «Euskara jalgi hadi plazara» aldarrikapenak entzun ziren bildutakoen ahoetan. Manifestazioaren amaieran egindako ekitaldian, ikastolek euskararen geroa ziurtatzeko daukaten garrantzia nabarmendu zuen Paxkal Indo Seaskako lehendakariak. «Ikastolen lana trabatzea euskara hiltzea da», salatu zuen Indok.

Bere erranak indartzeko, honako galderak pausatu zizkion Seaskako ordezkariak Estatu frantsesari: «Zertarako hainbeste ele eder, zertarako lurralde hizkuntzak Konstituzioan agertarazi, ondotik ezinbestekoak ditugun garapen baldintza minimoak segurtatzen ez badizkigute? Zertarako hizkuntza politika bat definitu, lehen helburutzat hiztun osoak sortzea duen ikastolari trabak ezartzen bazaizkio?».

Azken urteotan Seaskak urtero 150 edo 200 bat ikasle gehiago eskolatzen dituela gogoratu zuen Indok. Laster 3.000 ikasle izatera helduko delarik, Seaska jada «instituzio bat bilakatu» dela nabarmendu zuen.

«Eskola pribatu eta publikoen ondoan hautu bat dira ikastolak, baina gurasoentzako egiazko hautu librea izan daitezela bermatu beharra du Hezkuntza Ministerioak», azpimarratu zuen Indok, ikastolak berezi egiten dituzten «hezkuntza eta hizkuntza» onartzea ezinbestekoa dela gaineratuz.

Egitura militantea

Atzo Baionako karriketan Seaskak bildu zituen milaka lagunek Ipar Euskal Herriko Ikastolen Elkartea «egitura militantea» dela erakusten dutela nabarmendu zuen Indok. «Seaska egitura militantea da eta izan behar du. Gure hizkuntza ofiziala izanen ez deino, euskararen babesteko hitzeman diguten legea ukanen ez duguno, hala ibili beharko baitugu gure hizkuntz eskubideen alde», esan zuen. Karrikak zeharkatu ondoren, manifestaldiari Suprefeturan eman zioten amaiera.

Senpere

Datorren igandean Senperen aurtengo Herri Urrats ikastolen festa izanen dela-eta, Seaskako ordezkariek «sekula baino jende gehiago» biltzeko deialdia egin zuten atzoko manifestaldian.

Ekintza zehatzak

1994. urtean Estatuak ikastolak eskola gisa onartu zituenetik eman diren urratsak gogoratu zituen Paxkal Indok atzo, Seaska «hitz egiteko beti prest» egonen dela azpimarratuz.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo