GARA > Idatzia > Mundua

Hamasek Gazako Gobernua bertan behera utz dezake batasuna lortzeagatik

p035_f01_046x068.jpg

GARA | GAZA

Ismail Hania Gazako Gobernuko lehen ministroak atzo jakinarazi zuenez, bere exekutiboa beste urrats bat egiteko prest dago palestinar herriaren batasuna lortzeagatik: Gobernua bertan behera uzteko prest daude Hamasekoak.

Al Fata eta Hamas Palestinako indar politiko nagusiek berradiskidetzerako akordioa sinatuko dute maiatzaren 5ean, Kairon. Egiptoko hiriburuan egingo dute ekitaldia, eta Mahmud Abbas Al Fatako buru eta PAN Palestinako Aginte Nazionaleko presidenteak eta Jaled Meshal Sirian bizi den Hamaseko arduradun politikoak izenpetuko dute idatzia. Horrela lortuko litzateke palestinar askok aspaldi honetan eskatzen dutena, alegia, okupazioa amaitu bitartean alderdien arteko ezadostasunak alde batera utzi behar direla eta batasun gobernua osatu, okupatzailea bidali arte.

Arabiarren matxinaden harira Gazan eta Zisjordanian antolatu izan diren mobilizazioetan ere gauza bera eskatu da.

Bestalde, badirudi gauzak oso bizkor aldatzen ari direla Palestinan, Egipton Hosni Mubarak presidente ohiak kargua utzi beharra izan zuenetik. Egiptok berak egin dituen bitartekari lanek lortu dute Al Fatak eta Hamasek berradiskidetzerako akordioa adostea eta aurki Gazako muga zabaldu egingo du.

Atzo, berriz, «Al Hayat» arabierazko egunkariak jakitera eman zuen Damasko Siriako hiriburuan bizi diren Hamaseko buruek bertatik joateko erabakia hartua dutela, herrialde horretako mobilizazioak eta istiluak direla-eta. Informazioaren arabera, Jaled Meshal Doha Qatarreko hiriburura joango litzateke, bertako Gobernuak onartu baitu alderdi islamistako buru politikoak hartzea. Aldiz, Hamaseko beso armatuko arduradunik ez du nahi bertan Dohak. Begirale batzuek diote horiek Gazara itzul daitezkeela.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo