GARA > Idatzia > Kirolak> Pilota

Berezkoen Binakako Txapelketako finala

Beste behin ere Waltariren erritmora aritu dira guztiak

Kubatarraren jokoak erabaki du partida, eta, Lanberten laguntza bikainarekin, ez du inongo eragozpenik izan txapela erraztasun osoarekin irabazteko.

p050_f01_666x666.jpg

WALTARI-LANBERT 40 

IBARROLA-JANOTS  20

Jon LEUNDA

Ez da ezusterik izan. Bai banaka jokatu bai binaka aritu berdin da: Waltari beste guztien gainetik dago eta garaipena beretzat izaten da. Atzo garbi geratu zen bera eta besteen artean dagoen aldea. Gero, atzean ongi lagunduz gero, ez dago zer eginik.

Atzokoan gidoia bete egin zen. Denak kubatarraren erritmora jokatu zuten, ezin izan zuten ezer gehiago egin. Hasi primeran egin ziren Ibarrola eta Janots, 0-2 aitzineratu baitziren; zaleak partida estu bat izan zitekeela ere pentsatzen hasi ziren, baina Waltari eta Lanbert esnatu egin ziren eta oso denbora gutxian 14-0ko partziala lortu zuten. Hala, 14-2koarekin ia partida erabakitzen hasi zen.

Hortik aurrera betikoa gertatu zen. Waltari sakearekin etekina ateratzen hasi zen, eta horrek ia erabakita utzi zuen partida, amaieran 15 kintze lortu baitzituen. Saketik horrenbeste tanto lortuz gero, zaila da oso partida bat galtzea.

Ibarrolak eta Janotsek ez zuten gaizki jokatu; ia ez zuten pilotarik galdu, baina aurrean askoz bikote hobea izan zuten. Pilota izan zutenean saiatu ziren Lanbert gaztea estutzen, baina honek lan bikaina egin zuen. Ez zuen ematen profesionaletan horren denbora gutxi daramanik, eskarmentu handiko pilotari baten pare aritu baitzen.

Azkeneko finaletan gertatu den moduan, azkarregi erabaki zen, emozioa nahi izaten da, baina, amerikarra tartean baldin bada, hori izatea zaila da. Atzo ere gauza bera gertatu zen.

Behin markagailua 17-7 jarri zenean, zaleen emozio bakarra Ibarrolak eta Janotsek egingo zituzten tantoak zenbat izango ziren jakitean zegoen, eta amaieran uste baino gehiago ere izan ziren, tarte handi samarrak ere izan baitziren partidan.

Gazteak, ongi

Atzoko finalean bi atzelariek lehen neurketa handia zuten, bai Lanbert eta baita Janots ere orain dela gutxi pasatu baitira profesionaletara. Lanbertek irabazteaz gain lan bikaina egin zuen, eta zaleen itxaropena piztu du. Janotsek ere ez zuen lan txarra egin, baina salduta egon zen gehienetan. Bera izan da, gainera, finala jokatu duen Landetako lehen pilotaria.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo