Kronika | Aitzol Aramaiori omenaldia
Plaza bete oroitzapen «marabillosuz» agurtu du Ondarroak Aitzol Aramaio
Ondarroako Jai Braian tabernaren parean egin zioten atzo omenaldia gaur astebete zendutako Aitzol Aramaio zinemagile gazteari. Une hunkigarriak bizi izan ziren eta kazkabarrak ere ez zuen lortu arratsaldea zapuztea.
Ane ARRUTI
«Kriston ostixi» izan da Ondarroako herriarentzat Aitzol Aramaioren bat-bateko heriotza. Horiexek ziren atzo Musika plaza bete zuten herritarren artean hitzik errepikatuenak. Baina, 40 urteko zinemagile gaztearen filmean «The end» kredituak agertu badira ere, bere ingurukoek aurrera jarraitzeko indarrak bildu zituzten atzoko omenaldian. Jai Braian tabernaren parean bilduta, hasi zuen euria, bota zuen kazkabarra ere, baina jendeak bertan jarraitu zuen, tinko, Aitzolek merezi zuelako eta bertan egon behar zutela sentitzen zutelako.
Ongi ereiten duenak uzta oparoa jaso ohi du eta hori argi gelditu zen atzokoan, bertaratutako musikari, bertsolari, aktore, zinemagile eta lagunak ikusita. Ugaitz Alegria eta Ana Elordi aktoreek gidatu zuten emanaldia eta saio ezberdinak tartekatuz joan ziren. Botx eta Jon Arrizabalaga bertsolariek, «zauden tokitik lagundu guri, gure zuzendaria izan», agindu zioten Aramaiori.
Musikariak ere lagun
Zinematik musikara ere gerturatu izan zen ondarrutar gaztea, Kepa Junkeraren, Berri Txarrak eta Pi L. T. taldeen edota Mikel Urdangarinen bideoklipak eginez. Ahal izan zutenak Ondarroan izan ziren atzo, arratsaldeari soinu banda jartzen.
Piztiak taldeko Josu Aranbarrik eta Txomin Uribek «Ni naiz» abestu zuten bi gitarraz, «Aitzolekin duela astebete berbetan ibilitako kanta», esan zuen Aranbarrik. Gatibuko Alex Sagarduik ere bertan egon nahi izan zuen, eta, ondoren, Mikel Urdangarin igo zen, Josu Zabalak eta Bingen Mendizabalek lagunduta. «Baratze bat» kantatu zuten, «Ondarroako sozidadeetan bazkal ondoren hainbestetan abestutakoa».
Ordura arte nola hala eutsitako eztarriko korapilo eta amorruak askatzeko, aurreko hirukoteari Uribe batu zitzaien eta lau «alguazillek» Hertzainak taldearen «Pakean utzi arte» kantuarekin txaloka eta oihuka jarri zuten plaza. Ixiar Oreja eta Aitor Furundarenak ere fandango eta kalejiraz animoa eusten lagundu zuten.
Kantu eta kantu artean, herriko ikastolako ordezkariek oroigarri bat eman zieten Aramaioren ama eta emazteari eta zinemagilearen pasadizoak konpartitu nahi izan zituzten gertukoenek. Txomin Letamendi osaba izan zen bat, eta, haren esanetan, «zine zuzendari baino, enbaxadore behar luke, pertsonak irabazteko zuen erraztasunagatik».
«Aitzol ezagun dut berrogei urtean», esan zuen Kirmen Uribek, eta, txikitatik heldutarainoko errepasoa eginda, honela amaitu zuen: «`Zorte handia eduki dut', esaten zuen beti, baina, benetan zorte handia eduki dugunak, geu izan gara, ezagutu genuenak».