Mikel Aramendi Kazetaria
Apustu arriskutsua egin da
Pakistanen eta Ameriketako Estatu Batuen arteko garai bateko adiskidantza azkenetan zegoen, eta Obamaren apustuak akabera eman dio. ISIren erreplika non eta noiz gauzatuko den jakitea geratzen da orainObamak «Justizia egin da» esan du Osama Bin Ladenen hilketa aurkeztean. Eta mundu-parte honetako hedabide gehienek ontzat bezala eman diote ateraldia. Tira, ez dut uste estatubatuarrik baboenak, ospakizunetan agertzen diren horietako inork ere, zinez, sinets dezakeenik halakorik. Are gutxiago, Obamak berak, ez baitago tuntunenen artean ziurki. Beste herrialde subirano baten lurraldean egindako hilketa estrajudizial bat «justizia», eta ez estatu terrorismo arrunta, izan dadin beharko liratekeen baldintza eta ñabardura guztiak non diren argitzen hasi beharko lukete horretarako...
Hitz ponposo horren ordez, «mendekua», edo antzekoren bat ipiniz gero, esaldia askoz egiatiagoa bilakatzen da, noski. Hortxe legoke, gainera, hainbaten ageriko pozaren esplikaziorik argiena: justiziak baino askoz asetasun gehiago eragiten du mendekuak kaltea (edo haren beldurra, beldurrak aberetzen baitu gizakia oinazeak baino gehiago) nozitu dutenengan.
Aitzitik, «zibilizazioaren» garapen-bidea mendekugintzatik justiziagintzara daramana izan dela gogoratu beharrik ez genuke izan behar... Ala bai? Izan ere, honelako estatu-putinkeriak, desagertzear izan behar zutela zirudienean (lehen, bigarren/hirugarren mailako herrialde gatazkatsu batzuk soilik ausartzen ziren estatu-hilketak egiten, eta isilka beti ere), gogotik eta lotsagabeki berragertzen ari baitira munduko herrialde handienen eskutik. Bestela lortu ezin duten errespetua mendekuaren beldurrez erdietsi nahi balute bezala. Beraiek ikusiko dute zer espero duten dinamika horretatik.
Hala ere, Bin Ladenen hilketa hitz bakarrean laburbiltzekotan, «apustua» aukeratuko nuke nik ezbairik gabe. Apustu arriskutsua egin du Obamak hilketa agintzean, inkestetan irabaziko duena baino gehiago gal baitezake beste alde batetik. Eta ez naiz ari ekintzaren porrot operatiboaz (gerta zitekeena; aurrekariak gogoan izango dituzte Etxe Zurian, Pentagonoan eta Langleyn) edota Al Kaedaren balizko errepresaliez. Ez, apustuaren arriskua potoloagoa da.
Bin Ladenen akaberak gauza bat erakutsi digu argi begirale huts garenoi (eta, beraz, egitate nabarmena izan behar zuen horrek lehenagotik hura lokalizatua zutenentzat): Pakistango zerbitzu sekretu ahalguztidunen eta, orobat, Armadaren babes fisikopean bizi zen hura Abbottabaden. Kakuleko Akade- mia Militarraren atarian. Goi ofizial pakistandarrez inguratuta. Horrek adierazten duen adiskidetasuna igartzeko ez da burua asko nekatu behar. Pakistanen eta Ameriketako Estatu Batuen arteko garai bateko adiskidantza azkenetan zegoen, eta Obamaren apustuak akabera eman dio. ISI-ren erreplika non eta noiz gauzatuko den jakitea geratzen da orain. Aukerak, eskura dituzte Bin Ladenen aitapontekoek. Afganistango gerrak jauzi kualitatiboa jasan dezake Pakistanek talibanei laguntza biderkatzen badie. Indiarekiko gatazka areagotzen bada, bestalde, denok damu gaitezke. Eta ez nuke egon nahi AEBei Pakistanen geratzen zaizkien lagun bakanen larruan.