GARA > Idatzia > Iritzia> Kolaborazioak

Aitor Zugasti Euskararen Jatorria Elkartearen izenean

Genetika eta euskararen jatorria

Oppenheimerren liburua bere herrialdean «best seller» izateaz gain, bere tesia britainiar guztiengana heldu zen irrati, telebista eta prentsaren bidez

Genetika biologiaren barruan sortutako ikerketa adarra da eta izaki bizidunengan dagoen aldakortasun eta herentziak aztertzen ditu. Europan gero eta azterketa gehiago egiten ari dira alor honetan, besteak beste, azken glaziazioa amaitu ahala, Europa nola populatu zen jakiteko.

Azterketa hauen bidez Euskal Herriari buruz informazio interesgarriak sortzen ari dira eta, gure ustean, horiexek ezagutzea ezinbestekoa da gure herria hobeto ulertzeko. Horretarako, Garesen larunbat honetan egingo dugun Euskararen Jatorriaren 6. Biltzarrean genetika izango dugu hizpide.Genetika azterketa hauek Joxemiel Barandiaranen teoria indartzen ari dira: euskal populazioa, gutxienez, 8.500 urtez bizi izan da euskal lurraldean. Teoria hau baieztatuz gero, euskararen jatorrirako oinarri ezin hobea izango dugu, paleolito garaian euskara izan ote zen eztabaidatzeko.

Genetika arloan ospe handia duen Stephen Oppenheimer izango da Garesen parte hartuko duen hizlarietako bat. Oxfordeko Unibertsitateko irakasle honek, Britainia Handiko eta Irlandako 10.000 biztanleren DNA probak aztertu ondoren, honako ondorioa atera du: bertako biztanleen osagai genetikoaren hiru laurdenak Iberiar Penintsularen iparraldetik datozela, Euskal Herritik bereziki. Informazio hori «The Origins of the British» liburuan azaldu zuen.

Esan beharra dago, Oppenheimerren teoria azaldu arte, uste izan da britainiarrak zibilizazio germaniar handi batetik sortutako zelta herriaren ondorengoak direla. Nahiz eta teoria hori maila guztietan zabalduta egon, hango unibertsitateetan barne, eta nahiz eta britainiarrek Iberiar Penintsulari buruz iritzi oso ona ez izan, Oppenheimerrek, zientzia gauza guztien aurretik jarriz, ez zuen zalantzarik izan bere ikerketek emandako ondorioak gizarteari zabaltzeko.

Oppenheimerren liburua bere herrialdean best seller izateaz gain, bere tesia britainiar guztiengana heldu zen irrati, telebista eta prentsaren bidez. Harrigarria bada ere, ikerketa argitaratu eta 5 urte luze pasatu ondoren, Oppenheimer ez da inoiz Euskal Herrira hitzaldi bat emateko gonbidatua izan, orain arte. Oxford-eko genetistak, DNA frogekin, azaldu du azken glaziazioan Europa gehiena izotzez estalita egon zenean, gizakia desagertu zela ia Garonatik iparraldera. Garai hartan bizitzeko leku bakarrenetakoak Europan Iberiar Penintsula-Akitania ingurunea zen, Ukraina-Balkan inguruarekin batera. Eta bi leku horietatik abiatu zirela Britainia Handia eta Irlanda populatu zuten biztanleak. Oppenheimerren tesi honek Municheko Unibertsitateko Theo Vennemann-en teoria indartzen du, eta Theok euskararen eta hizkuntza germanikoen artean proposatzen dituen harremanei azalpen logikoa ematen die.

Baina 6. Biltzarrean genetika lan oso interesgarriak egin dituzten genetista gehiago izango ditugu hizlari. EHUko DNA bankuko Biomics enpresako Marian Martinez de Pancorbok eta Sergio Cardosok arlo honetan egin dituzten lanen berri emango digute, zehazki, Kantauri isurialdeko giza leinuek Europako mapa genetikoan duten garrantzia.

Horrela DNA mitokondrialaren aldakortasuna aztertuz, babesleku franko-kantauriarreko populazioek glaziazio osteko Europaren birpopulaketan izan zuten inplikazioa nabaria dela aipatzen dute: «Babesleku franko-kantauriarra Frantziako hego-mendebaldean hasi eta Kantauri isurialdearen ekialderaino zabalduko litzateke. Kokapen hori, azken glaziazioan Europa iparraldetik klima-egoera gogorrarengatik hegoalderantz migratu zuten giza taldeen babesleku garrantzitsuena da». Neurri handi batean, Stephen Oppenheimerren lanarekin bat egiten dute Marian eta Sergiok egindako azterketek.

Genetika arloan lan mardula egin duen Antonio Arnaiz ere izango dugu hizlari maiatzaren 7an. Arnaizek 9 urtez Britainia Handian egin zituen ikasketak eta orain Complutenseko irakaslea da, Biologian eta Medikuntzan lizentziatu ondoren. 340 artikulu idatzi ditu, gehienak nazioarteko aldizkarietan. Aurreko hizlariek bezala, DNA azterketa esanguratsuak egin ditu estatuan zein atzerrian. Antoniok, DNA azterketetan oinarrituta, herri mediterraneoen artean, iberiar eta euskaldunak barne, lotura oso estuak egon direla azaltzen du eta hizkuntzetan horien arrasto batzuk gaur egun mantentzen direla desagertu ez diren herrietan (hizkuntza dene-kaukasiarrak).

Genetikak Euskal Herriaren historia eta euskara hobeto ulertzeko, orain 50 urte pentsaezina zitekeen informazio interesgarriak eman ditzake. Informazio horiekin Joxemiel Barandiaranek euskaldunon iraupenari buruz edo Estornes Lasak euskal-akitaniar zibilizazioari buruz egindako teoriak froga daitezkeela pentsatzea zirraragarria izateaz gain, euskararen jatorriari ate berriak zabalduko dizkiotela ziur gaude.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo