Boto sistema tradizionala aldatu ala ez ebatziko dute bihar Britainia Handian
Sistema tradizionalak boto gehien eskuratzen dituen hautagaiari ematen dio garaipena, baina eredu ordezkatzaileago bat nahi dute liberal-demokratek. Koalizio gobernuaren barne tentsioa eta oposizioaren desadostasuna tarteko, ez dirudi proposamenak aurrera egingo duenik.
GARA | LONDRES
Britainia Handiko lehen ministrorde Nick Clegg ziur da herrialdean bihar egingo duten boto sistemaren erreferendumak koalizio gobernuaren barne harremanak indartu egingo dituela; iazko maiatzean eratu zenetik, koalizioak hainbat fase igaro dituela azaldu zuen atzo kide liberal-demokratak: «Lehen fasean, diziplina kolektiboz jardun behar izan genuen kide guztiek; aro berri honetan, ordea, norberaren iritziak partekatu eta norberaren balioak defendatu ahal izango ditugu».
Alabaina, alde guztiek ez dute bat egiten Cleggen ustearekin. Egun Britainia Handian indarrean den boto sistema hertsia dudatan jarriko du biharko galdeketak, eta horrek etorkizunean kalte egin diezaiekeela iritzi diote kontserbadoreek. Hori dela-eta, ezezko botoaren aldeko kanpaina egin dute azken asteotan.
Erreferenduma bertan behera uzten eta bestelako irtenbiderik bilatzen ere ahalegindu da David Cameron lehen ministroa buru duen Alderdi Kontserbadorea. Alta, pasa den maiatzeko hauteskunde orokorretan gehiengo osoa eskuratu ez zuenez, liberal demokraten sostengua erdiestera jo behar izan zuten; ez edozein preziotan, ordea, ordezkatze justuago bat ahalbidetuko duen boto sistema baten ezarpena eskatu baitzuen Cleggek euren babesaren ordainetan.
Liberal-demokratek, hasiera batean, planteatzen dena baino eredu ordezkatzaileago bat planteatzen zuten, boto guztiak ehunekoetan Parlamentuan islatuak ikus zitezen; baina Cleggek berak bere garaian aitortu zuenez, «Alderdi Kontserbadorearen konpromiso miserablea» onartu behar izan dute azkenean.
«Boto alternatiboa»
Hain zuzen, egungo hauteskunde sistema tradizionalaren ordez «boto alternatiboa» deritzan sistema ezarri ala ez bozkatuko dute bihar herritarrek. Sistema tradizionalarekin, barruti bakoitzean boto gehien lortzen duen hautagaiak eskuratzen du garaipena, nahiz eta gehiengo osorik ez izan. «Boto alternatiboak», aldiz, gogoko hautagaiaren ondoan lehentasunaren arabera beste hainbat hautagairen izenak ipintzea ahalbidetzen du; inork ez badu gehiengo osorik eskuratzen, boto gutxien dituena baztertu egiten da lehiatik eta bere botoak beste hautagaien artean banatzen dira. Prozedura berbera mantentzen da horietako batek %50eko sostengua erdietsi arte.
Herritarren iritziari eta botoari begira sistema honek aukera gehiago eskaintzen dituen arren, inkesten arabera, ez du biharko galdeketan aurrera ateratzeko sobera aukerarik. Liberal-demokratak ez ezik, alderdi bakar batek ere ez du bere osotasunean horren alde egin; oposizioak, oro har, sistema tradizionalak herrialdearen egonkortasunari mesede egin diola iritzi dio eta ez dagoela zertan sistema aldatu; eredu horren kontra direnek ere, proposatutakoa neurri eskasa dela defendatzen dute, praktikan ez dituelako gauzak askorik aldatuko.
Alderdi Laborista bera, esaterako, zatituta agertu da auziaren inguruan. Alderdiko buru Ed Miliband bera baiezkoaren inguruan indarrak metatzen ahalegindu bada ere, diputatu batzuk baiezkoaren alde eta beste batzuk kontra azaldu dira, eta azken horien artean alderdian pisu nabarmena duten hainbat kide daude.
Tentsioa koalizioan
Erreferendumaren auziak, halaber, tentsioa eraman du alderdi Kontserbadoreak zein Alderdi Liberal Demokratak osatzen duten gobernu-koaliziora. Hasierako konpromisoak ez betetzeaz gain, auzian neutral mantentzeko zina hautsi dutela leporatzen diete liberal-demokratek toryei, baita gezurretan jardun izana ere; sistema berriak kostu ekonomiko gehitua ekarriko lukeela baieztatu izan baitute kontserbadoreek, nahiz eta Cleggen ingurukoek hori gezurtatu.
Kontuak kontu, alde bateko zein besteko emaitzek Alderdi Liberal Demokratan eragin zuzena izango dutela eztabaidaezina da. Ezezkoak are gehiago ahulduko dituela uste du Gobernuak, dagoeneko nahikoa aldrebestuta dagoen giroan; Gobernuari eskaintzen dioten sostengua medio, jendartean gaizki ikusiak diren hainbat neurri onartu baitituzte, nahiz eta haien hauteskunde programaren aurka joan izan.
Bihar udal hauteskundeak egingo dira Ingalaterrako 279 udalerritan. Kontserbadoreen eskuetan diren udal asko laboristen eskuetara igaroko direla diote inkestek.