Itxako
Championseko finala prestatu ahal izateko balio du gaurkoak
ABF Ligako bigarren sailkatua den Eldaren aurka jokatuko dute gaur nafarrek Alacanten. Ambros Martin entrenatzaileak jokalari guztiak sartu ditu deialdian.
GARA | LIZARRA
Baliteke saltsarik gabeko partida jokatzea gaur, 20.30ean Alacanten, Elda Prestigiok eta Itxakok, euren helburuak bete baitituzte aurten bi taldeek. Etxekoek bigarren tokian amaituko dute ABF Liga eta nafarrek titulua lortu zuten duela aste pare bat. Hala ere, lehen bi sailkatuen arteko lehia bizia espero da, gehienbat biek harrotasuna erakutsi nahiko baitute.
Eldak deia egin die jarraitzaileei euren taldea animatzera joan daitezen, denboraldiko azken partida baitute etxean. Itxakoko jokalariek, aldiz, bidai dezente egin beharko dituzte egun hauetan, datorren larunbatean Championseko finalaren lehen partida jokatu behar baitute Norbegian Larviken aurka.
Bidai hauek guztiek eragin negatiboa izan dezakete jokalariengan, baina gauzak argi dituzte nafarrek, Liga erabakita baitute jada. Ambros Martin entrenatzaileak 15 jokalariak eraman ditu Alacantera, eta horietako bat utzi beharko du kanpoan gaur bertan.
Lehen itzuleko partidari begiratuz gero, Itxakok ez luke arazorik eduki behar gaur irabazteko. Lizarrerian jokatutako neurketan, nafarrek 41-26 irabazi zieten Eldako jokalariei.
Estrategia ezberdinak probatzeko
Gaurkoa garrantziarik gabeko partida izango da Ligari begira, baina Raph Tervel Itxakoko jokalariak adierazi zuenez, «ondo etorriko zaigu defentsako estrategia ezberdinak probatzeko, jokoan hobetzeko eta larunbatean jokatuko dugun era berean jokatzen saiatzeko».
Halaber, taldea «oso ondo» dagoela adierazi eta jokoaren maila hobetu dutela azpimarratu zuen jokalari frantsesak.