GARA > Idatzia > Kultura

Txankarta, itzalean gelditu zen Itziarko maisua, argitara atera dute aurtengo erromerian

Itziarko Andutz kultur taldeak gidatuta, Joxean Agirre idazleak Antonio Buenetxea «Txankarta»ri buruzko liburua osatu du; Inaxio soinujolearen semeak, aldiz, CD batean bildu ditu bere piezarik esanguratsuenak.

p042_f01.jpg

Maider IANTZI | DONOSTIA

Umetan soinuaren hauspoa imitatzen zuen arrebaren korpiñoa alde batera eta bertzera mugituz. Geroago, amak leihoa ixten zion gelan musika jotzen aritzen zenean, kanpoan aditu ez zezaten; amatxik, aldiz, parez pare irekitzen zuen. Azken hau ere soinuzalea zen eta erraten zion instrumentu honek ez zuela ongi ematen zigarroa ondoan ez bazuen. Hala zaletu zuen erretzera, Elgeta bezala.

Antonio Buenetxea Txankartaren inguruko bitxikeria hauek Inaxio bere semeak kontatu zituen atzo Koldo Mitxelenan, «Txankarta; itzalean geratu zen maisua» lanaren aurkezpenean. 1922an jaio zen Itziarren eta bertan hil zen 2001ean. Ezizena aitaren baserritik zetorkion, baina musika zaletasuna amaren aldekoa zuen. Amaren aitak, Jose Mari Egañak, flauta jotzen zuen erromerietan, emaztea panderoarekin lagun zuela.

Erreportaje moduan, hogei bat lekukotasun bilduta egindako liburuan azaltzen denez, artistak ez zuen pieza berririk sortu, ez zuen grabaketarik kaleratu eta 70eko hamarkadan antolatzen hasi ziren txapelketetan ere ez zen lehiatu. Horregatik gelditu zen beharbada itzalean.

Joxean Agirrek agertu zuenez, garaiko trikitilarien artean hirukote bat nabarmentzen zen, Elgetak, Sakabik eta Gelatxok osatua. Hala eta guztiz ere, elkarrizketatutako lekuko kualifikatuek -Martin Aginagalde, Laja eta Migel Sagastume, adibidez- maisutzat jotzen dute Txankarta.

Jendearekikoa egiteko dohaina

Hamahiru edo hamalau urterekin jo zuen lehenbiziko aldiz jendaurrean, ezkontza batean, eta geroztik hori izan zuen formaturik maiteena, errepertorio zabalekoa zelako agian. Gainera, hiru hamarkadatan etengabe alaitu zituen sasoi hartan hain garrantzitsuak ziren erromeriak. «Getariako Askizun, 27 urtez segidan jo zuen; Aia San Pedron 18 urtez; Laurgainen, Igeldon, Aizarnan edo Gorozikan ere urte askoan eta Itziarren bertan zeresanik ez», zehaztu zuen Agirrek. Guztiek aitortzen dute jendearekikoa egiteko zuen dohain aparta. Horretaz gain, bere herriari lotua, familiakoa eta lagunartean egotekoa zen.

Datu biografiko gehienak trikitilariaren bi semeek emanak dira; bi alabek, berriz, argazki hurbilago bat egin dute. Irudi hori da, egilearen ustez, liburuaren zatirik politenetakoa, eta Josepa Arozenaren lekukotasuna ere bai, sekulako alaitasunarekin eta graziarekin kontatzen baititu mutil-laguntzak. CDa Durangoko Txirulan egindako grabaketa bateko piezekin osatu dute. Ion Ostolaza koordinatzaileak adierazi zuenez, bere garaian ez ziren emititu eta orain berreskuratu egin dituzte ezezagunak zaizkigun pieza hauek.

Egun berezi bat besta tradizionala berpizteko

Liburu-CD hau berriro aurkeztuko dute etzi, oraingoan soinujolearen herrian, Itziarren. Eta larunbatean hirugarren Erromeria Eguna ospatuko dute. Andutz kultur taldeko lehendakariak, Itziar Beristainek, iragarri zuenez, Zubietako joaldunak hasiko dira giroa berotzen, eta gero dultzaineroak, txistulariak eta albokariak etorriko dira. Han izanen dira trikitilariak ere: Ostolaza eta Pujana, Jagoba eta Amets, Zabale eta Larrañaga, eta Furundarena eta Telleria bikoteak. Bazkaria eginen dute, dantzan gorputza astindu, koplaka ariko dira... Eta, denen artean, besta tradizionalak berpiztuko dituzte.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo