GARA > Idatzia > Iritzia> Ikusmira

Jon Agirre, 30 urteko oinazea eta duintasuna

Aramaion eta Arrasaten ez ezik, Euskal Herri osoan ere bizilagun gehien-gehienak poztu egin dira Jon Agirre, Elurtxuri, kalean ikusita. Asko ez dira bat etorriko haren borrokarekin, baina bidegabekeria handi bat jasan duela onartuko dute. Izan ere, Estatu espainoleko legediak jasotzen ez dituen baina gobernuek ezarri izan dituzten neurri errepresibo mota guztiak jasan ditu Agirrek azken hiru hamarkadotan, tartean biziarteko zigorra eta gaixotasun larriak izan arren kartzelan atxikitzea. Hainbatek, beraz, oinarrizko elkartasunak eraginda besterik ez bada ere, poztu egingo dira 30 urteko oinaze etengabea jasan duen aramaioarra etxean delako. Beste askok, berriz, poz horrez gainera, harrotasun handia sentituko dute, Joxe Mari Sagardui, Jon Bilbao, Mikel Ibañez zendu berria eta beste hainbestek bezala, herri hau inoren eskuko izan ez dadin bere askatasuna eman duena espetxetik kanpo ikusita. Atzo arte bizi baldintza latzetan menperatu nahi izan dute Elurtxuri, mendekuak eta presoen erabilera politikoak baino ezin azal dezaketen bizi baldintzetan, hain zuzen. Atzo goizean goiz Basauriko espetxea abandonatu zuenean, ordea, Agirrereren gorputz handia nekatuta ageri bazen ere, haren aurpegiak ez zuen menperatu itxurarik, ezta gorrotorik islatzen ere, sosegua baizik. Gizatasuna, erabakitasuna eta duintasunak eragindako sosegua.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo