«Vascuencearen Legea» udalen politikan oztopo dela dio Kontseiluak
GARA | IRUÑEA
Kontseiluak udaletan garatzen diren hizkuntza-politikak neurtu berri ditu, eta Nafarroari dagokionean ondorioztatu dutenez, «aurten 25 urte eginen dituen `Vascuencearen Legea' bera euskara normalizatu nahi duten udalen oztopo nagusia da». Hori nabarmendu zuen Paul Bilbao Kontseiluko idazkari nagusiak atzo Iruñean egindako agerraldian.
«Bizi zaren tokiaren arabera eskubideak aitortzea etikoki eta politikoki zitala da. Izan ere, euskara ezagutzen duen herritarrak berau erabiltzeko eskubidea duen bezalaxe, ezagutzen ez duenak berau ikasteko eskubidea ere badu. Eta lege honek. herritarra bizi den tokiaren arabera, horretarako debekua ezartzen du», gaineratu zuen Bilbaok.
Udalen hizkuntza politika neurtu ondoren, euskararen alde aritzen diren herrien sailkapena egin du Kontseiluak. Leitza agertzen da lehen postuan 9,18ko notarekin, eta Tutera azkenekoan, zero handi batekin. «Euskararen ofizialtasunak hizkuntza politika egokiak garatzeko aukera eskaintzen duen heinean, ofizialtasun ezak oztopoak ezartzen ditu», azaldu zuen Maite Inda neurketaren arduradunak. Halere, Baztan kezkagarria da, %91,4ko ezagutzarekin 4 puntu baino ez dituelako.