GARA > Idatzia > Kultura

«I saw the devil» film korearrak irabazi du FANT zinemaldia

Kim Ji-woon zuzendariaren pelikula izan da garaile Bilboko Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaldian. Aho batez aukeratu du epaimahaiak, «apustu arriskutsu, ausart eta interesgarria egiteagatik».
p057_f01.jpg

GARA | BILBO

Bilboko XVII. Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaldiak, FANTek, badu irabazlea: «I saw the devil» Hego Koreako ekoizpena, Kim Ji-woon zuzendariarena. Gainera, Juan Zapaterrek, Maria Eugenia Salaverrik eta Luis Rosalesek osatutako epaimahaiak aipamen berezia egin dio Anno Saulen «Die Tür» pelikula alemaniarrari. Atzo eman zuten palmaresaren berri, eta lehiaketarako aukeratutako filmen maila hagitz ona izan dela nabarmendu zuten, bai luzeetan bai laburretan. Irabazlea, «I saw the devil», adibidez, ausarta eta interesgarria dela azaldu zuten. «Protagonisten arteko sinbiosiaren ondorioz, polizia gaztea garaitu nahi duen munstro bilakatzen da, eta, prozesuan, gauza bera gertatzen zaio zinegileari», adierazi zuten.

Saritutako lanean, hiltzaile baten azkeneko biktimaren mutil-lagunak mendeku hartzea eta gaizkile honen bila joatea erabakitzen du. Toronton, Donostian, Sitgesen, Sundancen eta Gerardmer-en proiektatu ondotik ailegatu da istorio hau Bilbora.

Gaur, azkenburukoa

Atzo arratsaldean egin zuten sariak banatzeko gala, Alhondigako Golem Zinemetan, eta gaur bukaera emanen diote zinemaldiari. 17.30ean Kim Ki-Youngen «The housemaid» erakutsiko dute; 19.45ean William Friedkin maisuaren «El Exorcista»; eta, azkenik, 22.00etan berriro gozatzen ahalko dute ikusleek edizio honetako film luze eta labur irabazleekin.

FILM LABURRAK

Sari bikoitza eman dute film laburretan, Zoe Berriatuaren «Quédate conmigo» eta Gregor Erlerren «St. Christophororus Roadkill» lanei.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo