
�I saw the devil� film korearrak irabazi du FANT zinemaldia
Kim Ji-woon zuzendariaren pelikula izan da garaile Bilboko Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaldian. Aho batez aukeratu du epaimahaiak, �apustu arriskutsu, ausart eta interesgarria egiteagatik�.
GARA | BILBO
Bilboko XVII. Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaldiak, FANTek, badu irabazlea: �I saw the devil� Hego Koreako ekoizpena, Kim Ji-woon zuzendariarena. Gainera, Juan Zapaterrek, Maria Eugenia Salaverrik eta Luis Rosalesek osatutako epaimahaiak aipamen berezia egin dio Anno Saulen �Die T�r� pelikula alemaniarrari. Atzo eman zuten palmaresaren berri, eta lehiaketarako aukeratutako filmen maila hagitz ona izan dela nabarmendu zuten, bai luzeetan bai laburretan. Irabazlea, �I saw the devil�, adibidez, ausarta eta interesgarria dela azaldu zuten. �Protagonisten arteko sinbiosiaren ondorioz, polizia gaztea garaitu nahi duen munstro bilakatzen da, eta, prozesuan, gauza bera gertatzen zaio zinegileari�, adierazi zuten.
Saritutako lanean, hiltzaile baten azkeneko biktimaren mutil-lagunak mendeku hartzea eta gaizkile honen bila joatea erabakitzen du. Toronton, Donostian, Sitgesen, Sundancen eta Gerardmer-en proiektatu ondotik ailegatu da istorio hau Bilbora.
Gaur, azkenburukoa
Atzo arratsaldean egin zuten sariak banatzeko gala, Alhondigako Golem Zinemetan, eta gaur bukaera emanen diote zinemaldiari. 17.30ean Kim Ki-Youngen �The housemaid� erakutsiko dute; 19.45ean William Friedkin maisuaren �El Exorcista�; eta, azkenik, 22.00etan berriro gozatzen ahalko dute ikusleek edizio honetako film luze eta labur irabazleekin.
Sari bikoitza eman dute film laburretan, Zoe Berriatuaren �Qu�date conmigo� eta Gregor Erlerren �St. Christophororus Roadkill� lanei.