GARA > Idatzia > Eguneko gaiak

HAUTESKUNDEAK EUSKAL HERRIAN

Zortzi urteren bueltan, normaltasuna Lizartzara

Gobernu espainolak Euskal Herrira ekarri duen apartheid politikoaren adibide nagusia izan da Lizartza urteotan. Ezker abertzalearen legez kanporatzeak, Udalean EAJk eta PPk agintzea ahalbidetu du, biek ere bertako bizilagunik gabe. Maiatzaren 22an, lizartzarrek Udala berreskuratuko dute.

p006_f02.jpg

Janire ARRONDO

Nekez ahaztuko dute Lizartzan Regina Otaola, Jose Maria Aznar, Maria San Gil edo-eta PPko beste hainbat ordezkarik euren herrian eman duten espektakulua; ezin ahazteaz gain, amorrazioz oroituko dute hainbat bizilagun epaitegietara deitu zituztenekoa edo Kontsuelo Agirrebarrenak espetxera joan behar izan zuenekoa; eta pasarte barregarri bezain penagarri gisa, herriko jaietan, Otaolak antolatuta, herri-kirolariek batere ikuslerik gabe egin zuten saioa.

Zerrenda amaigabea osa liteke Lizartzan azken zortzi urteotan bizi izan diren ohiz kanpoko egoerekin. Hala ere, urte hauetan guztietan gogor salatzen jarraitu dute herritarrek apartheid politikoa eta badute gogoa, «behingoz» normaltasunera itzultzeko.

600 biztanleko herria 27 boto eskasen babesarekin gobernatu arren, herria ez duela «aurka» azaldu zion Regina Otaolak «Time» aldizkari estatubatuarrari 2007an. Lizartzako alkateari gauzak argiago jartzearren-edo, 2008an erroldan ziren 505 lagunetatik 402k bere dimisioa eskatuz sinadura eman zuen. Azkenean, «nekatu» egin dela-eta, politika utzi eta Euskal Herritik joan egingo dela iragarri zuen orain hilabete batzuk. Orain, Otaolaren ondorengo bezala, Juan Carlos Cano aurkeztu du PPk Lizartzarako alkatetzarako, alderdi eskuindarrak Gipuzkoako Aldundirako proposatu duen hautagai bera. «Ez dakit hemen petrolioa aurkitu ote duten-edo, herri txiki honetan horrenbeste interes izateko...», dio Bilduko alkategai Aitor Agirrek.

«Ea hizketagai izateari uzten diogun»

Hauteskundeotan ez du kanpainarik ere egin beharrik Lizartzako Bilduk eta propagandarako oholak dira horren erakusle: ez da kartel bat bera ere ageri. Lizartzarrak lasai daude, Bilduren eskutik egoera horri amaiera ematetik gertu baitaude. Agirre alkategaiak GARAri azaldu zionez, «jendea nazkatuta dago egoerarekin eta orain herrira oinarrizko demokrazia eramatea da garrantzitsuena, herritarrek gidatutako Udala nahi dugu».

Otaolak eta bere kideek «probokazioz beteriko» legegintzaldi batean Lizartza propaganda egiteko erabili badute ere, bertako bizilagunek hainbat urtez geldirik egon den udal gestioaren ondorioak pairatu behar izan dituzte. Ez da proiektu bakar bat ere martxan jarri azken urteotan: «Ez dakigu zer aurkituko dugun, lehenbizi zer dagoen aztertu eta gauzak martxan jartzen hasi beharko gara», zioen Agirrek. «Tristea» izan da, alkategaiaren ustez, gai hau dela-eta, Lizartzari buruz horrenbeste hitz egin behar izatea, «ea amaitzen den».

Joseba Egibar eta Regina Otaola

PPk eta PSOEk Madrilen ezker abertzalea legez kanporatzea adostu eta sortu zuten Loreg legearen aplikazioarekin, Lizartzan osatu zuten herri hautagaitzari Udalerako bidea oztopatu zioten. Herritar bat bera ere euren zerrendetan sartzea lortu ez zuten EAJ-EA koalizioaren eta PPren hautagaitzak izan ziren aurkeztu zirenak. Hala, EAJ-EA suertatu zen aukeratua 131 botorekin eta Joseba Egibar parlamentariak hartu zuten Lizartzako alkatetza. Ezker abertzaleak 253 lortu zituen eta PPk 10.

Lau urteren buruan, 2007ko udal hauteskundeetara ez aurkeztea erabaki zuen EAJk. Ezker abertzalearen bi hautagaitza hauteskundeetatik kanpo utzi zituztenez, Regina Otaola buru zuen PPren zerrenda zen aurkeztu zen bakarra. Egoera honetan, Egibarrek zuri bozkatzeko eskatu zuen, Otaolak alkatetza lortzerik izan ez zezan.

Azkenean, 27 boz izan zituen PPk, 186 baliogabe eta 142 zuriz gain. Legeak eskatzen duen gutxienekoa gaindituta, PPk zazpi zinegotziak bereganatu zituen, jaso ziren 355 bozetatik soilik 27rekin. Lehen aldiz Gipuzkoako udalerri bateko alkatetza lortu zuen era horretan PPk. Zerrendako hautagai guztiek dimititu eta nahierara antolatu zuten Otaolaren udalbatza. Lau urteotan alkatea astean behin hurbiltzen zen udaletxera, ertzainez lagundurik eta herrian ezohiko egoerak sortuz. Ekainetik aurrera herritarrek eramango dute normaltasuna Udalera.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo