Gari Mujika Kazetaria
Justizia ezin liteke injustiziarekin lortu
Igandean Israelek hildako hamabost palestinarrekiko elkartasun internazionalistak ez zuen atzokoan hauteskunde kanpaina geldiarazi gurean. Baina Lorcako alkateak ongi erakutsi du zer den berarentzako elkartasuna eta internazionalismoa.
Lurrikarak eragindako tragediaren ondotik, orain herritarrak identifikatzeko lanetan hasiko omen dira. Izan ere, egoeraz aprobetxatzen ari den jendea omen dago Lorcan. Alegia, atzerritar asko omen dabil Murtziako herrixkan janari eta antzeko laguntzak beren kolkorako hartzen. Berdin dio «atzerritar» izendatzen dituen horiek bere lursailetan bost xentimoren truke lanean aritzen diren migranteak badira. Ez omen dira bertakoak, eta ondorioz, ez dute bertakoek baino premia larriagoz behar duten laguntza merezi.
Azkenaldian higuina emateraino entzuten den esaldia da hori. Baina nazka ez du esaldiak berak ematen, esaten dituztenek ere, niri behintzat, sakoneko amorrua eragiten didate.
Gurean, espainiar identitate okupatzailea eurekin ekarri zuten migranteak eta kolono lanetan ibili direnak, oraindik ere euskara ikasteari muzin egiten dioten horiek, euskal herritarrak dira. Eta horrela onartu behar. Nire barrenak hori onartezina dela esaten dit, horiekiko ere, hein batean, arrazista hutsa naizela aitortuz. Baina grazia egiten dit «kaixo» edo «egun on» esateari ere uko egiten dioten espainiar horiek izatea migranteen aurka aritzen direnak lehen lerroan.
Alabaina, hipokrita hutsa izango nintzateke errealitate hori are eta zabalagoa dela ez banuke onartuko. Horren handia, gure inguruetan ere xenofobia eta arrazismo hori azken urteotako maila gorenera iristen ari den garaiotan.
Baina nire haserrea, horiekiko baino, euren buruak ezkertiar eta abertzaletzat izan, eta ezjakintasunaren atzaparrak igurzten dituztenekiko handiagoa da. Euskal Herrian justiziaren aldeko borrokan, askatasunaren alde eta inposaketaren aurka engaiatu diren bati baino gehiagori arrazistak baino ez diren argudioak entzuten ari naiz sarritan azkenaldian. Eta horrelakoek haserrea eta auzo-lotsa eragiten didate, justiziaren alde inoiz ezingo baita injustiziarekin borrokatu.