GARA > Idatzia > Iritzia> Gutunak

Joseba Otano Villanueva Iruñeko Euskalgintzaren Bilgunea (Administrazioan Euskaraz, AEK, EHE, IKA eta Sortzen-Ikasbatuaz)

Iruñeko hizkuntz paisaia eta alderdien proposamenak

Iruñeko Euskalgintzaren Bilguneak azkeneko hilabeteetan hizkuntz paisaiaren inguruko kanpaina eraman du aurrera. 2.553 sinadura aurkeztu ditugu Iruñeko Udaleko Erregistroan hizkuntz paisaian euskarak lehentasunezko tokia izan dezan.

Udal hauteskundeak gainean ditugunez, Iruñeko Udalerako, alderdiek gai honen inguruan aurkeztutako proposamenak aztertu ditugu eta hauek izan dira gure ondorioak.

Alde batetik, Nafarroa Bai, Bildu eta Ezkerra koalizioak errotulazio elebidunaren alde agertzen dira beren proposamenetan. Ekologistak («Nafarroako Berdeak»), gaia modu zehatzean aipatzen ez badute ere, gaztelaniak eta euskarak trataera juridiko berbera izatearen alde agertzen dira.

Bestetik, PSNk «Euskararen Ordenantza aplikatu eta betetzea» dauka bere programan, azkeneko lau urteetan UPNren makulua izanik horretaz arduratu ez bada ere.

UPN eta CDN alderdiek ez dute inolako proposamenik honen inguruan.

PPren proposamena eskuratzerik ez dugu izan. Sinadurak aurkeztu genituenean, ez genuen modurik topatu haiekin hitz egiteko, saiatu ginen arren. Programa ere ez digu bidali, eskatu arren. Uste dugu gaiarekiko interes handirik ez duela erakusten.

Botoa erabakitzeko orduan, euskaltzaleei gai hau ere kontuan hartzeko eskatzen diegu.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo