GARA > Idatzia > Kultura

Claude Lanzmannek bere azken lana erakutsiko du Literaktumen

Luxuzko gonbidatua izanen du gaur Donostiako Literaktum jaialdiak; Claude Lanzmann zinemagile frantsesa, «Shoah» ospetsuaren egilea, holokaustoari buruzko dokumentalik onena kritikaren iritziz. Honekin lotutako film bat aurkeztuko du, «Le rapport Karski».
p048_f01.jpg

Maider IANTZI | DONOSTIA

«Beti daude Shoah-ren gainean deskubritzeko gauza berriak. Ikertzen duten pertsonen kontzientziaren arabera deskubritzen dira gauzak. Badira pasarteak zehazki deskribatu direnak, xehetasunak jakin dira. Badakigu Shoah suntsiketa arrakastatsu bat izan zela: sei milioi hildako egon ziren, sei milioi biktima», adierazi zuen Claude Lanzmann zinemagile paristarrak atzo Donostian, Literaktum jaialdian.

Gaur San Telmon izanen den ekitaldia aurkeztu zuen prentsaren aitzinean: «Le rapport Karski» bere film berrienaren proiekzioa eta «Patagoniako erbia» oroitzapen liburuaren aurkezpena eta solasaldia.

Europako intelektual handienetako hau, «Les Temps Modernes» aldizkariaren zuzendaria orain dela 25 urtetik, XX. mendeko hainbat mugimendu eta gertaera garrantzitsuren hurbileko lekuko edo protagonista izan da. Baina bereziki «Shoah» dokumentalagatik da ezaguna. Maisulantzat hartzen den film honetan, Lanzmannek inoiz baino sakonago arakatu eta azaleratzen du nazismoak egin zuen izugarrikeria. Patxi Presa Donostiako Kultur Ekintza arduradunak azaldu zuen bezala, ez da soilik holokaustoaren gaiari buruzko dokumental onena, zinemaren historiako obra gorenetakoa ere bada. Hamaika urte baino gehiago eman zituen proiektu honetan buru-belarri, eta 1985ean estreinatu zenetik, erreferentzia da bai historian, bai zineman.

Lan honen osagarri moduan, bertze dokumental sorta bat ere badu egina: «Un vivant qui passe», «Sobibor: 14 octobre, 16 heures» eta gaur gurean aurkeztuko duen «Le rapport Karski».

Bertan, «Shoah» egiten ari zen bitartean grabatu zuen elkarrizketa bat errekuperatzen du; 1978an Jan Karskirekin izandako solasaldia da. Nazien kontzentrazio esparruetan infiltratu eta genozidioaren berri eman zuen lehenetarikoa izan zen Karski. Orduan, munduak ez zituen gertaera latz horiek ezagutzen eta jende anitzi zalantzak sortu zitzaizkion, sinesgaitza baitzirudien agertutakoak.

Ghettoa deskribatuz

48 minutu irauten du filmak, eta jatorrizko bertsioan proiektatuko dute, gaztelaniazko azpitituluekin. Lan honi buruz, egileak erran zuen gehien hunkitu zuena Karskik Varsoviako ghettoari buruz egiten duen deskribapena dela. «Hunkigarria da nola mugitzen den bere barrena eta zer indar duten bere keinu eta hitzek. Harrigarria da gizon bakar batek, malkoz betetzen diren bere begiekin nola birsortu dezakeen ghettoan bizitako izugarrikeria guztia».

Ez dago lekukorik, ordea, pasarte guztiak deskribatzeko; «horixe da arazoa», erantsi zuen. Shoah-ren inguruan nobelak idazten dituen jendea ere bada, «batzuek ongi egiten dute eta beste batzuek ez hain ongi».

Halako eleberri on bat aipatzeko eskatu zion kazetari batek, eta Lanzmannek azkar erantzun zuen: «Les Bénévoles», Jonathan Littell-ena. «Hagitz ona da -baieztatu zuen-. Ezin hobeki dokumentatuta dago, eta ezagutzen ditudan pertsona eta tokiak aipatzen ditu». Kieveko 45.000 judu amildegitik behera jaurti eta hil zituztenekoa kontatzen du Littellek.

Santos Zunzunegi moderatzailearekin eginen den gaurko hizketaldian, baina, «Le rapport Karski» filmaz eta holokaustoaz gain, Claude Lanzmannek argitaratu berri duen oroitzapen liburuaz arituko dira, «Patagoniako erbia» lanaz hain zuzen. Hemen, bere bizitza harrigarria errepasatzen du. Liburua nobela antzekoa da, 1925ean jaiotako zinemagilearena ere hala delako, eta beldurraren aitzineko kemena du gaitzat. Pertsona bati heriotza zigorra nola ezar dakiokeen azalduz hasten da, eta hortik alemaniarren aurkako erresistentziaren garaira igaro eta harrapatu balute zer eginen lukeen galdetzen dio bere buruari.

IZU GUZTIA BEGIETAN

Nazien genozidioaren berri eman zuen lehen lekukoetako bat elkarrizketatu du Lanzmannek. «Malkoz betetzen zaizkion begiekin soilik, ghettoko izu guztia birsortzeko gai da».

Fitxa

Lekua: San Telmo museoa.

Eguna eta ordua: Gaur, 17.00etan «Le rapport Karski» lanaren proiekzioa, eta 19.30ean «Patagoniako erbia» oroitzapen liburuaren aurkezpena eta solasaldia Claude Lanzmanekin eta Santos Zunzunegirekin.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo