Lapurtutako haurrak, neurriak hartzea eskatzen duen hurbiltasun beldurgarriko kontua
Lapurtutako haurren kasuen albistea edonor ikaratzeko modukoa izan zen. Haurtxo desagertuak ez zirela soilik Argentinako eta Hego Amerikako beste diktaduretako gertakariak, baizik eta Euskal Herrian bertan ere gertatu zirela jakiteak ez zien larritasun handiagoa ematen, baina hurbiltasunak ikara hurbilago sentiarazten du. Kasu asko daude erregistratuta, gero eta gehiago agertzen joan dira, haietako ugari inpunitate itzelaren babespean. Frankismoan haur desagertuen kopurua oso handia izan zen, baina 80ko hamarkadan ere halaxe jarraitu zuen. Kasu horiek guztiak eta horien erantzukizuna ikertu eta argitzea gutxieneko eskakizuna da, baina, gainera, bada kasu gehiago ez gertatzeko neurriak har ditzatela eskatzeko motiborik. Izan ere, gezurra badirudi ere, 90eko hamarkadan, gutxienez 97ra artean, haurtxo lapurreta gehiago izan ziren. Orain dela 14 urte baino ez, beraz. Hamarkada horretan lau lapurreta izan ziren Donostia eta Gurutzetako ospitaleetan. Haurra desagerrarazteko modu bat hilda zegoela esatea zen, gurasoek «haur hila» ikus ez zezaten, eta haurtxoaren ordez, argazki bat baino ez zieten erakusten. Denbora-hurbiltasun horrek ere areagotu egiten du ikara.