GARA > Idatzia > Euskal Herria

Euskara irakasteko gaitasun azterketa ezabatu du Parisek

Hezkuntza Ministerioak datorren ikasturtean ez du euskarazko CAPES lehiaketaren deialdirik egingo. Bigarren mailan euskara (eta gainerako hizkuntz gutxituak) irakasteko azterketa ofiziala prestatzen ari diren ikasleentzat zein hizkuntz ondarearentzat eta hiztunentzat «errespetu falta izugarria» dela nabarmenduta, neurria bertan behera uzteko eskatu diote Parisi.
p022_f02_097x088.jpg

Arantxa MANTEROLA |

Gutun elektroniko soil baten bidez, 2012an ez dela euskarazko CAPES lehiaketa-oposiziorik izanen jakinarazi die Hezkuntza Ministerioak unibertsitateetako arduradunei.

Ikastetxeetan eta lizeoetan irakasle izateko gainditu behar den azterketa da CAPES izenekoa. Pariseko Hezkuntza Ministerioak urtero finkatzen du lehiaketa deialdian zenbat lanpostu izango diren. 2004tik hizkuntza gutxituei bideratutako lanpostu kopurua CAPES guztien %27 zen (ordura arte %45 zen). Euskarari dagokionez, urtean lanpostu bakarrerako deialdia esan nahi du horrek. Alta, kreoleraren CAPES kenduta, datorren ikasturtean ez da hizkuntz gutxiagotuen lehiaketarik izango.

Haserre jaso dute berria Paueko eta Aturriko Herrien Unibertsitatean (UPPA) euskal ikasketez arduratzen direnek. Hala, Ur Apalategi, bertako CAPES epaimahaiaren buruak euskararen irakaskuntza alorrean «berri izugarri larritzat» jo du.

Gainera, zeregin horretan dihardutenei inolako kontsultarik egin gabe hartutako erabakia izan dela salatu, eta «argiki frantses Estatua hezkuntzako gaien inguruan agertzen ari den engaiamendu ezaren barnean kokatu» behar dela esan du.

Errespetu falta

Ministerioak «barne tartekaritzan» hartutako deliberoa izan dela dio, inolako arrazonamendu gehigarririk gabe. Apalategiren iritziz, «errespetu falta ikaragarria» da, bai unibertsitateko egituretan lanean dabiltzanentzat, bai azterketa prestatzen ari diren ikasleentzat.

Izan ere, duela urte pare bat dekretu baten bidez -eta orduan ere inolako adostasunik gabe-, erreforma «inposatu» zuen Hezkuntza Ministerioak eta lehiaketa horretara aurkeztu ahal izateko bi urteko master ikastaro bereziak egitera behartu zituen CAPES azterketa prestatzen ari ziren ikasleak.

Egokitzapen horiek guztiak burutzeko unibertsitateek alde administratibotik eta pedagogikotik aurrera eraman behar izan duten berrantolaketa lan ikaragarria «ez dela batere kontuan hartua izan» eta dagoeneko «master horietan matrikulatu diren ikasleen ahalegina ere ez» gaineratu du Apalategik: «Prestatu duten urte osoak ez du ezertarako balioko heldu den urtean lehiaketarik izanen ez delako! Hitza jatea da».

Delibero horrek, «Estatuak tokiko errealitate soziolinguistikoa ez duela ezagutzen» islatzen du bere esanetan, Ipar Euskal Herriko kolegio eta lizeoetan euskara ikasteko edota euskaraz irakasteko eskaera etengabe emendatzen ari delako.

Desadostasuna

Arrazoi horiengatik guztiengatik, CAPES antolatzen duten irakasleen eta 2. mailakoen izenean, «desadostasun biziena» adierazi du Ministerioaren erabakiarekin.

Unibertsitateko Kontseilu Nazionalaren 73. sekzioak (hizkuntza gutxituak) eta bretoiera, okzitaniera, katalan, korsikar eta euskarazko CAPESetako lehendakariek ere protesta gutunak igorri dizkiote Hezkuntza Ministerioari erabakia gibelerat bota dezala eskatuz.

Beren esanetan, neurria «are eta larriagoa da ez baita beste lehiaketarik» hizkuntzon irakaskuntza ofizialki egikaritzeko, nahiz eta Parisi hamaika aldiz eskatu zaion goi mailako diploma bat ezartzeko. CAPES prestatzen ari direnekiko «injustizia» eta «hizkuntz ondarea zein hiztunekiko duen interesa eskasaren» isla dela nabarmenduta, neurria bertan behera utzi, eta «gutxienez» orain arteko mailan mantentzeko exijitu dute.

LANPOSTU BAT

CAPES azterketaren bidez lehiaketara ateratzen diren lanpostuen %27 baino ez dagokio hizkuntza gutxituen irakaskuntzari. Zehazki, euskarazko lanpostu bakarrerako egiten da deialdia urteko.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo