sokatira Euskal Herriko Txapelketa
Goiherrik 680 kilokoan gertu dauka txapela
Jon LEUNDA
Euskal Herriko txapela ia-ia eskuetan dauka Goiherri A taldeak 680 kilokoan. Erandioko taldeak aise irabazi zuen bigarren jardunaldia ere, eta sailkapen nagusian bigarrenari hiru punturen aldea kentzen dio. Beraz, ezuste ikaragarri bat gertatu beharko litzateke azkeneko jardunaldian bizkaitarrak txapelik gabe geratzeko.
Erandioko taldeak saioan zehar tiraldi bakarra galdu zuen. Mutrikuren aurkakoan izan zen hori; baina gainerako guztiak irabazi zituen, eta lehen jardunaldian bezalaxe lehen postua lortzeko modua egin zuen.
Bigarren postua, berriz, Gaztedik eskuratu zuen. Bizkaitarrek Goiherrirekin galdu egin zituzten bi tiraldiak, baina gainerako guztietan gailendu egin ziren, eta bigarren postuan amaitu zuten.
Mutrikuk garaipen handia lortu zuen tiraldi bat Goiherriri irabazita, baina gero Gaztedirekin biak galdu egin zituen, eta nahiz eta gero gainerako guztiak mendean hartu zituen, ez zion balio izan bigarren postua eskuratzeko, eta hirugarren geratu zen. Laugarren Getxo sailkatu zen, aurreko hirurekin tiraldi guztiak galdu, eta Goiherri B eta Gaztedi B mendean hartuta. Goiherri B taldeak lortu zuen bosgarren postua, Gaztedi B taldeari bakarrik irabazita, eta azken hauek itxi zuten sailkapena, jokatutako tiraldi guztiak galduta.
Eguneko sailkapena honela joan zen: Goiherri A lehengo, 6 punturekin; bigarren Gaztedi A, 5ekin; hirugarren Mutriku, 4rekin; laugarren Getxo taldea, 3rekin; bosgarren Goiherri B, 2rekin eta azkena, berriz, Gaztedi B, 1ekin. Jardunaldi baten faltan, sailkapen nagusia honela geratzen da: lehenengo Goiherri A, 13 punturekin; bigarren Gaztedi eta Mutriku, 9 puntutan berdinduta; laugarren Getxo, 5,5 punturekin; bosgarren Goiherri B, 4,5 punturekin, eta azkena, berriz, Gaztedi B, 2rekin.
Urdax Magunazelaia
Urdax Magunazelaiak sekulako marka egin zuen herenegun, 13 urterekin 150 kiloko harri errektangularra hiru aldiz berdindu baitzuen bost minutuko txanda bakar batean.
Bizkaitarra oso ongi aritu zen lanean, betiere alboan zuela Zelai, guztia zaintzen. Lehen minutua betetzerako lehen jasoaldia emana zion, eta horrekin marka apurtuta zeukan, baina berak aurrera jarraitu zuen. Hirugarren minutuan lortu zuen bigarren jasoaldia, eta bosgarrena betetzerako hirugarrena. Oraingoz bikain dator mutil hau eta etorkizuna ere handia ikusten zaio.