GARA > Idatzia > Euskal Herria

Bere lana defendatu du Legorretako EAJko Xabier Iraola alkate ohiak epaileen aurrean

J.A. | DONOSTIA

Prebarikazio delitua eta idazkari kontu-hartzaile posturako udal langile bat ilegalki izendatzea leporatuta, Tolosako Epaitegian azalpenak eman behar izan zituen atzo Legorretako EAJko alkate ohi Xabier Iraolak. Legorretako egungo alkate Iñaki Oiarbidek jarri zuen haren aurkako salaketa, Zubiaurreko hirigintza hitzarmenaren inguruan ustez izandako irregulartasunak direla-eta.

Xabier Iraolak ez zion GARAri epaile aurrean egindako deklarazioaren berri eman nahi izan. Bere aurka epaitegietara jo izanagatik haserre agertu zen alkate ohia, eta Udalaren kudeaketa gogor kritikatu zuen, baina ez zuen egindako adierazpenak argitaratzerik nahi izan.

Langilea «engainatuta»

Hain zuzen ere, Udalaren salaketak adierazten duenez, 2006an Xabier Iraolak udaleko administrari bat idazkari lanetan jarri zuen, Zubiaurreko etxebizitzen proiektuko hitzarmenean aldaketak egiteko deitu zuten ezohiko udalbatza baterako. Langile horrek ez zuen idazkari ahalmenik, ezta lan horretan esperientziarik ere eta egoera horren «guztiz jakitun» zen orduko alkatea, Udalaren ustez. Akusazioak dioenez, udal langilea «engainatu» egin zuten idazkari papera har zezan, eta tartean ez zen sobornorik edo eroskeriarik egon. Salaketak dioenez, «presa zuten Zubiaurreri buruzko udalbatza hori egiteko»; bezperan bertan deitua izan zen udalbatzan dekretu ugari onartu ziren. Garai hartan, gainera, idazkari aldaketa egon bazen ere, ofizialki izendatuta zegoen beste bat.

Bestalde, Legorretako Udalak baieztatu duenez, 68 etxebizitza jasoko dituen Zubiaurreko proiektuari dagokionez, Iraolaren kudeaketaren ondorioz, behar baino 300.000 euro gutxiago jaso zituen udal diru-kutxak.

Honakoa ez da baina Xabier Iraolak epaile aurrean deklaratu behar izan duen lehen aldia. Lehenago ere Udalaren ekimenez, prebarikazioagatik eta bizilagun baten lurrak legez kanpo desjabetzeagatik inputatuta dago Iraola, baita Udaleko aseguru poliza guztiak EAJko zinegotzi baten aseguru-etxeari esleitzeagatik ere.

Bi auzi horien gaineko azalpenak eman zituen Iraolak Tolosako Epaitegian, eta orain ikusteko dago epaiketarik egingo ote den.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo