HAUTESKUNDEAK EUSKAL HERRIAN
Bilduk euskara eta gizarte politikak bultzatuko dituela nabarmendu du
GARA | IRUÑEA
Euskararen normalizazioaren alde eta politika sozialen defentsan arituko direla adierazi zuten atzo Bilduko hautagaiek hainbat tokitan egin zituzten agerraldietan.
Horrela, Bilboko Udalerako zerrendako bigarren eta laugarren hautagaiek, Aitziber Ibaibarriagak eta Ana Etxartek, Bilbon eta Bizkaian bideratzen diren politika sozialak «errotik aldatzearen aldeko apustu irmoa» egingo dutela jakinarazi zuten. «Bizkaitarren eskubideak ez dira negoziatzen, ezta jolasten ere, ezin dira krisi edo hazkunde garaien arabera gauzatu», gaineratu zuten.
«Bilduk azpikontratazioak pixkanaka amaitzeko apustua egiten du, enplegu publikoa lan baldintzarik onenetan sortzeko», agindu zuten.
Iruñean, berriz, Nafarroako Parlamentuko zerrendako buru Maiorga Ramirezek idazle, musikari eta bertsolariek herrialdean eskuina boteretik kentzeko Bilduk osatu duen proiektuari atxikimendua adieraziz egindako bideoa aurkeztu zuen. Bideo honen inguruan polemika piztu zen, bertan NaBai 2011ko hautagai Xanti Begiristain azaltzen delako Bilduren aldeko botoa eskatuz, berak ilegalizazioaren kontrako adierazpenak baino egin ez bazituen ere. Bilduk akatsa onartu eta barkamena eskatu zion Begiristaini.
Iruñetik atera gabe, Udaleko zerrendaburu Eva Arangurenek hiriko auzo guztietan euskarazko haur eskola publikoak martxan jartzeko konpromisoa iragarri zuen. «Yolanda Barcinak Udala kudeatu duen azken hamabi urteetan ez da euskarazko haur eskolarik martxan jarri. Alde Zaharreko eta Arrosadiako kasuak agian argienak dira, bietan plaza kopurua handitu behar baita, baina UPNk ez du euskarazko plaza gehiago jartzea aurreikusi ez batean ez bestean», esan zuen Arangurenek.
Donostiako hautagaiek ere euskara lehentasunez jorratuko dutela adierazi zuten atzo Okendo kultur etxean egin zuten ekitaldian. «Donostiak euskalgintzan aitzindari gisa jokatu behar du, edozein arlotako etorkizun eta garapenerako hiriguneek duten erreferentzialtasuna kontuan hartuta, Donostia baita Euskal Herriko hirigunerik euskaldunena», esan zuten.
Gasteizen ere, Udaleko hautagai Kike Fernandez de Pinedok orain arte euskararen kontra izan diren erasoen aurrean «tolerantzia zero» izango dutela esan zuen. Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseiluak hizkuntz politikari buruz egin berri duen txostenean Gasteizek ez duela bost puntuko nota gainditzen gogora ekarri zuen. Horiek horrela, Arabako hiriburuko euskaltzaleek eskatzen duten moduko euskal ordenantzak martxan jarriko dituztela iragarri zuen. Orain arte, Udalak entzungorrarena egin du eskaera honen aurrean.
Lasarten, Gipuzkoako Aldundirako hautagai Martin Garitano herritarren parte-hartzearen alde agertu zen. «Bilduk herritarrekin gobernatuko du. Bildu bera ere herritarrez osatuta dago. Parte hartzea ez da eslogan bat guretzat, ezta ere udal teknikari baten erantzukizun isolatua. Herriko erabakietan herritarren parte hartzea Bilduk dakarren aldaketaren sinbolo nagusia da», esan zuen.
Enplegu publikoa baldintzarik onenetan sortzeko helburuarekin, zerbitzu publikoetan azpikontratazioaren bidea baztertuko dutela iragarri zuten atzo Bilboko Bilduko hautagaiek.
Gipuzkoako Aldundian herritarren parte hartzearekin gobernatuko dutela adierazi zuen Martin Garitano hautagaiak atzo Lasarten: «Parte hartzea ez da eslogan bat guretzat».