GARA > Idatzia > Mundua

Italiako hauteskudeek Berlusconiren alderdiaren beherakada erakutsi dute

Lehen boto emaitzek ezustekoa eragin diote gobernuburu italiarrari. Ez zuen halakorik espero, baina Milanen, hiriburu ekonomikoan, bederen, bigarren itzulira jo behar dute lehian gailendu ahal izateko. Turinen eta Bolognan ere Alderdi Demokratak eskuratu du garaipena.

GARA

Ezin esan atzokoa zita inportantea ez zenik Italian; 1.310 udaletako hautagaiak eta hamaika departamendutako kontseilariak hautatzeaz gain, Silvio Berlusconi lehen ministroaren ospe maila ere neurtzen baitzuten hautesleek. Gobernuburuak berak boz horiek zuten garrantzia azpimarratua zuen bideo bidez zabaldutako mezuan: «Lagunok, hauteskundeak irabazi behar ditugu, gure udalak eta herrialdeak gobernatzeko ez ezik, baita gure plan nazionala baieztatzeko eta suspertzeko ere».

Alta, hauteskundeetara deituak ziren hamahiru milioi italiarretatik askok ez zuten berak desiotako konfiantza hori erakutsi, eta Milanen, hainbat urtez euren eskuetan izan duten udalean, bederen, bigarren itzulira jo beharko dute lehian gailendu ahal izateko. Botoen lehen zenbaketen arabera, Letizia Moratti hautagai kontserbadoreak botoen %47,5 eskuratu ditu, eta Giuliano Pisapia hautagai ezkertiarrak, aldiz, botoen %43 lortu ditu.

Berlusconik, hain zuzen, oso hitz gogorrak baliatu ditu hauteskunde kanpainan zehar hautagai komunistaren aurka; «paradoxikoa da oraindik batzuk komunismoa suspertzeko ahaleginetan jardutea, historiako ideologiarik kriminalena denean», aipatu zuen bere hitzaldietako batean.

Gobernuburuak segurutzat ematen zuen alderdi eskuindarraren garaipena hiriburu ekonomiko den horretan. Hainbat adituk ere bai; Franco Pavoncello unibertsitateko irakasleak zioen «kasik ezinezkoa» zela Liga-ren (Berlusconiren alderdiaren) porrota Milanen, eta hala izanez gero, «izugarrizko zartada» izango litzatekeela alderdiarentzat.

Aurreikuspenetan erratuta zeudela erakutsi diete, hortaz, lehen emaitzek, eta gogor lan egin beharko dutela bigarren itzulian gailendu ahal izateko.

Halaber, Turinen eta Bolonian ere Alderdi Demokratak eskuratu du garaipena alderdi kontserbadorearen kaltetan, 19 puntuko aldearekin; betiere, lehen kontaketen arabera. Alabaina, Napolesen erraz gainditu du azterketa Berlusconiren Askatasunaren Herria alderdiak, Gianni Lettieri hautagaiak botoen %41 eskuratu baititu.

Behin betiko emaitzak artean jakin gabe, guztiek jotzen dute ziurtzat Berlusconik orain arte gotorleku izan dituen hainbat herritan bigarren itzulira jo beharko duela. Printzipioz, maiatzaren 29an eta 30ean izango da zita.

Berlusconi

Hautesleek botoa eman bitartean, Silvio Berlusconi Italiako lehen ministroa auzitegian agertu zen atzo, beste behin ere; izan ere, «Mills auzian», ustelkeriagatik epaitzen ari dira gobernuburua.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo