GARA > Idatzia > Iritzia> Ikusmira

Kartzela erraldoiak, espetxe politika anakroniko baten ondorio eta tratamendu oker baten zantzu

Estatu espainolak Europako preso kopururik handiena du. Kopuru hori delinkuentzia arazo handi baten zantzua izan liteke, baina baita arazo horren tratamendu okerraren zantzua ere. Ez dago kriminologian aditua izan beharrik jakiteko arazo horri ezin zaiola erantzun kartzela gehiago eraikiz soilik; hala ere, gobernu espainiarrek espetxe politikari dagokionez aspaldian abiatutako dinamikak atzera begirako metodologiari eta, okerrago, filosofiari eusten dio. Mendekua, errepresioa du erantzun bakarra. Eta, Salhaketa elkarteak salatu duenez, harresiek herritarrenak ez diren interes ilunak ezkutatzen dituzte, diskurtso ustez humanistak zementuzko egituren pean ehortzten. Hego Euskal Herrian urte bakan batzuen epean lau kartzela irekiko dituzte, eta haietara bilduko den preso kopurua gutxienez 4.000raino irits liteke. Iruñea eta Gasteiz ondoko Zabaiakoa zabaltzear daude, Zubietakoa hasita eta, gutxi balitz bezala, Leioan beste bat eraikitzeko asmoa dute. Euskal Herriak arazo bereziki mingarria du presoena aspaldi luzetik, ez alferrik 36ko gerran eta frankismo osoan ez ezik, ondoren ere preso politiko kopuru ikaragarria izan du -eta badu- etengabe, estatuen tratamendu irrazionala jasanarazita.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo